Gizartea -

polemika

Bilboko epaile dekanoa: "Ezinezkoa zen guardiako epaileak jakitea atxilotua armaren ustezko lapurra zela"

Aner Uriartek azaldu duenez, Ertzaintzaren jakinarazpena Bilboko 7. epaitegira heldu zen, baina ez guardiakora. Horren esanetan, "inork" ez zion esan magistratu horri atxilotutako gaztearen kasuan arriskua zegoenik. "Sistemak kale egin du", aitortu du.

Uriarte, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media
Uriarte, aurreko elkarrizketa batean.
Uriarte, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoaren esanetan, "ezinezkoa" zen guardiako epaileak jakitea atxilotutako mutila ertzain baten pistolaren ustezko lapurra zela. Izan ere, argitu duenez, "inork" ez zion esan gizon matxista horren kasuan arriskurik zegoela (gaztea orain desagertuta dago, eta arma ere ez da azaldu). 

Telefono bidezko elkarrizketa egin diote epaileari Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, auzi horren polemika betean. Izan ere, atzo ezohiko mugimendua egin zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Ertzaintzak epaitegira bidalitako jakinarazpena publiko egin baitzuen. Uriartek esan du atxilotutako 19 urteko gizonezkoa pistolaren lapurtzat jotzen zuen idatzi hori Bilboko 7. epaitegira igorri zuela Ertzaintzak, baina ez guardiakora. Azaldu duenez, zigor arloko epaitegi hori "ez da instrukziokoa, ezta guardiakoa ere, eta milaka prozedura daramatza". 

Bilboko 7. epaitegia, susmagarria aske uztea ebatzi zuena, 14:00etan ixten dute, eta jakinarazpena 12:30ean jaso zuen. "Epaitegi horrek ez zituen urgentziazko neurriak ezarri, hori guardiakoari baitagokio", jakinarazi du. 

Atxilotutako gizona arratsaldean geratu zen guardiako epailearen esku, "beste 13 pertsonarekin batera", zehaztu du. "Normalean atxilotu bat eramaten dutenean eta arriskua dagoenean, zer-nolakoa den esaten da", azaldu du, eta gaineratu duenez, kasu honetan "inork" ez zion halakorik esan epaileari

Uriarteren hitzetan, "hunkituta" dago biktimaren amaren adierazpenak entzun ostean —emakumeari bizkartzaina jarri diote—, eta "sistemak kale" egin duela aitortu du. "Koordinazio ona dugu Ertzaintzarekin, baina batzuetan hau gerta daiteke", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa