Gizartea -

polemika

Ertzaintzak publiko egin du epaitegietara bidalitako jakinarazpena, arma ustez ostu zuen gazteari buruzkoa

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak lapurretaren inguruko atestaturik bidali ez zuela esan ondoren kaleratu du idatzia Segurtasun Sailak. Astelehen goizean bidali zuten epaitegietara, hots, gaztea epailearen esku geratu baino ordu batzuk lehenago.

Segurtasun Sailak bidalitako jakinarazpena. EITB Media
Segurtasun Sailak bidalitako jakinarazpena.
Segurtasun Sailak bidalitako jakinarazpena. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzain bati pistola ustez ostegatik atxilotutako gazteari buruzko auzian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak argitaratu egin du Bilboko epaitegiari bidalitako jakinarazpena. Idatzian argi geratzen da 19 urteko gazteari leporatu ziotela lapurreta, eta indarkeria matxistagatik aurrekari larriak zituenez, biktimari babes neurriak handitzeko erabakia hartu zela. Atzo bertan, kontrakoa esan zuen Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak, Ertzaintzak lapurretaren inguruko atestatua bidali ez ziela nabarmenduta. 

Jakinarazpena telematikoki agindu zuen Ertzaintzak astelehen eguerdian, hots, gaztea epailearen esku geratu baino ordu batzuk lehenago. 

Bertan irakur daitekeenez, ikerlariek larunbatean bertan jo zuten gazte matxista pistolaren lapurtzat, eta bila aritu arren, une horretan desagertuta zegoela ohartarazi zuten. Hori horrela, gizonaren bikotekide ohia arriskuan zegoela ondorioztatuta, biktimaren babes maila gorenera igotzea ebatzi zuten.  

19 urteko gizonezkoak astelehen arratsaldean aurkeztu zuen bere burua Ertzaintzaren komisarian; ez zuen, baina, pistolarik eraman. Egun horretan bertan geratu zen epailearen esku, eta horrek aske utzi zuen. Epaitegietatik adierazi zutenez, gaztea indarkeria matxistaren inguruko auziagatik utzi zuten libre, ez omen zekitelako pistolaren lapurretan nahastuta zegoela. 

Hain zuzen ere, bertsio hori berretsi zuen atzo arratsaldean Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak. Ohar bidez nabarmendu duenez, Ertzaintzak ez zuen lapurretaren inguruko atestatua aurkeztu, eta epaitegietara heldu zen "bakarra" Bilboko Zigor arloko 7. epaitegiak horrekin zerikusirik ez zuen "atxiloketa agindu baten inguruko atestatua" izan zen. "Guardiako epaileak zitazio horren ingurukoak jakinarazi eta, horren arabera, atxilotutakoa aske uztea ebatzi zuen, erantsi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Indarkeria matxista Barakaldo Eusko Jaurlaritza Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak