Gizartea -
polemika
Epaileek eta Ertzaintzak bertsio kontrajarriak eman dituzte agente bati ustez arma ostu zion gaztearen auziaz
Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoaren arabera, Ertzaintzak ez zuen lapurretaren inguruko atestatua aurkeztu. Bestalde, Segurtasun Sailak esan du epaitegiek bazutela informazio guztia. Bien bitartean, mutilaren bikotekide ohiari bizkartzaina jarri diote, eta pistola ez da agertu.
EITB MEdia
Epaitegiek eta Ertzaintzak bertsio kontrajarriak eman dituzte agente bati ustez pistola bat lapurtu zion gaztearen auziaren inguruan. 19 urteko mutilak aurrekari larriak ditu indarkeria matxistagatik. Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak azpimarratu duenez, Ertzaintzak ez zuen lapurretaren inguruko atestaturik aurkeztu, eta Segurtasun Sailetik diote baietz, epaitegiek bazutela horren berri.
Bien bitartean, ostutako arma ez da oraindik azaldu, eta gizon matxistaren bikotekide ohiari bizkartzaina jarri diote, bere bizia arriskuan dagoelakoan.
Gertakaria larunbatean jazo zen. Ertzain bati pistola bat —partikularra, ez ofiziala— lapurtu zioten etxetik (motxila batean omen zuen gordeta). Berehala, lapurraren bila hasi ziren agenteak, eta indarkeria matxistagatik aurrekari larriak zituen 19 urteko mutila egin zuten horren erantzule. Era berean, horren bikotekide ohiari babesa handitu zioten.
Gazteak astelehenean aurkeztu zuen bere burua Ertzaintzak Deustun duen komisarian. Egun horretan bertan geratu zen epailearen esku, eta horrek aske utzi zuen. Hain justu, Bilboko Guardiako Epaitegiak atzo argitu zuenez, gaztea beste auzi batengatik geratu zen aske. Epaitegi horren arabera, genero indarkeriaren epaitegian errekisitoria bat zuen gazteak, eta horrekin lotuta hartu zuten erabakia.
Bertsio hori berretsi zuen atzo arratsaldean Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak. Ohar bidez nabarmendu duenez, Ertzaintzak ez zuen lapurretaren inguruko atestatua aurkeztu, eta epaitegietara heldu zen "bakarra" Bilboko Zigor arloko 7. epaitegiak horrekin zerikusirik ez zuen "atxiloketa agindu baten inguruko atestatua" izan zen. "Guardiako epaileak zitazio horren ingurukoak jakinarazi eta, horren arabera, atxilotutakoa aske uztea ebatzi zuen, erantsi du.
Bestelakoa da Ertzaintzaren bertsioa. Horren esanetan, Bilboko epaitegiari astelehenean jakinarazi zioten indarkeria matxistagatik bilatzen ari ziren gaztea ertzain bati pistolaren lapurretan ere nahastuta zegoela.
Nabarmendu dutenez, informazioa Bilboko epaitegiari ez ezik (indarkeria matxistaren auziaren ardura zuena) Barakaldoko epaitegiari ere bidali zioten. Azken hori ari da armaren lapurreta ikertzen.