Gizartea -
PORNOGRAFIA
Aldapeta Maria Ikastetxea neurri kolektiboak aztertzen ari da ikasleen familiei salaketa jartzen laguntzeko
Donostiako ikastetxeak salatu du adingabeen txat batean pornoa eta gorroto-mezuak partekatzen ari direla, eta albistea ezagutarazteaz gain, salatu eta ikasleekin lan egin behar dela.
EITB Media
Donostiako Aldapeta Maria Ikastetxea neurri kolektiboak aztertzen ari da eduki pornografikoak dituen "whatsapp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jaso duten ikasleen familiei salaketa jartzen laguntzeko.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan Jose Eizmendiko ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, "haiek (ikasleek) oso modu xaloan jokatzen dute, baina ikastetxe gisa albistea zabaldu, salatu eta haiekin lanketa egin behar genuen".
Datorren astean eskola kontseilua bilduko dute eskuko telefonoen erabilerari buruz eztabaidatzeko. Zuzendariaren iritziz, egoera hau aukera gisa ikusi behar da telefonoekin dagoen arazoari hesia jartzeko.
Ikasleei galdetegi bat igorri diete whatsapp talde horretako kide ote diren galdetuz, eta ikastetxearen kalkuluen arabera, mila baino gutxiago dira. Hala ere, ikastetxe gehiago inplikatuta daudela nabarmendu dute.
Azken orduetan Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeak ohartarazi du DBHko ikasleak "whatsapp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jasotzen ari direla. Talde horren edukia "oso desatsegina eta desegokia da adin horretako gazteentzat", eta gertatutakoa Ertzaintzan salatzeko eskatu die adingabeen gurasoei.
Gaur goizean Ikastetxeko ordezkariak Ertzaintzarekin elkartuko dira hurrengo pausoak zehazteko.
Bestalde, familia askok beren esker ona adierazi dute gertatutakoaren berri izateagatik.