Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Elgarrestak esan du Donostiako whatsapp taldeak ez duela harritu eta "pornosozializazioaz" ohartarazi du
Pornografiaren arazoaren tamainaz eta larriaz ohartarazteko "pornosozializazioa" terminoaz aritu da Emakundeko zuzendaria, eta azpimarratu du fenomeno horrek erantzun globala beharko duela.
O. A. | EITB Media
Azken orduetan, Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeak gurasoei ohartarazi die DBHko ikasleak irudi pornografikoak biltzen dituen "whatsapp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jasotzen ari direla. Txat horretan, irudi pornografikoak, indarkeria eta gorroto-mezuak zeuden ikusgai, besteak beste. Horri buruz galdetuta, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak esan du ez duela harritu aipaturiko taldeak, eta azpimarratu du eduki pornografikoen % 88k baino gehiagok emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa dutela.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, "pornosozializazioa" terminoa nabarmendu du Emakundeko zuzendariak, pornografiaren arazoaren tamainaz eta larriaz ohartarazteko, eta onartu du fenomeno horrek erantzun globala beharko duela.
Elgarrestaren esanetan, pornoak aurrea hartu dio sexu heziketari eta gaia serio hartu beharrekoa da. Azaldu duenez, arazo hau "ez da bi tailerrekin konponduko" eta heziketa eta pedagogia beharko dira, bai etxean eta baita hezkuntza sisteman ere. Interneten informazio mugagabea eskuragarri dagoela eta formaziorik gabe heziketarik ez dagoela gaineratu du.
Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzak pornoan jarri du azpimarra eta elkarrekin lan egiteko deia egin dio gizarte osoari, gazteek ez dezaten sexua indarkeriarekin, mendekotasunarekin eta emakumeentzako jarrera umiliagarriarekin lotu.
Bestalde, azaroaren 30erako deituta dagoen greba orokor feministaz galdetuta, Elgarrestak erantzun du greba esku hartze sozialerako herritarren eskumeneko tresna dela eta ez dagokiola Emakunderi greba egitea.