Gizartea -

HEZKUNTZA LEGEA

EH Bilduk salatu du EAJk hizkuntza ereduak sartzea onartu duela eta PSE-EEk, trukean, kontzertazio unibertsala

EH Bilduk azken proposamen bat egin die EAJri eta PSE-EEri EAEko Hezkuntza lege proiektuaren inguruan adostasuna lortzeko.

EAEko hezkuntzaren lege proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertzeko ponentzia. Argazkia: EFE
EAEko hezkuntzaren lege proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertzeko ponentzia
EH Bilduk azken proposamen bat egin die EAJri eta PSE-EEri, Hezkuntza Legea bideratzen saiatzeko

0:49

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Hezkuntza Lege proiektuari buruzko lantaldearen bilera amaitu berritan, EH Bilduk salatu du EAJk PSE-EEren "marra gorria" onartu duela legearen hitzaurrean hizkuntza ereduak mantenduta, eta trukean, PSE-EEk argi berdea eman diola eskola publikoa eta ikastetxe kontzertatuak parekatzeari.

Bileraren osteko prentsaurrekoan Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, lege testua bere horretan mantentzen bada koalizio abertzaleak kontrako botoa emango du.

Auziak "itxura txarra" hartu badu ere, EH Bilduk ez duela amore eman nabarmendu du Arresek. Ildo horretan, koalizioak azken proposamen bat egin die EAJri eta PSE-EEri EAEko Hezkuntza lege proiektuaren inguruan adostasuna lortzen saiatzeko.

EH Bilduk hizkuntza ereduak mantentzearen eta euskalduntze prozesuan "atzera" egitearen kontra egin du. Arreseren esanetan, lege testuak atea irekitzen dio eskola publikoa eta ikastetxe kontzertatuak parekatzeari, finantzazioari dagokionez, "hezkuntza itunak jasotako printzipioak baztertuz". Halaber, itunpeko ikastetxe horiek eskubideak bai, baina obligaziorik ez dutela izango salatu du, legeak ez duelako neurririk jasotzen baldintzak betetzen ez dituzten kasuetarako. Horren ordez, "printzipio eta gidalerro batzuk bakarrik zehazten ditu", gaineratu du. Laburbilduz, azaldu du uko egin zaiola Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa arautzeari.

Euskalduntzeari dagokionez, Arresek esan du legeak dagoen horretan atea irekitzen diola "D minus" edo "D eredu debaluatu" bat ezartzeari, "hizkuntza behikular hori aukeratzeko eskubidea lehenesten delako helburu linguistikoak lehenetsi ordez".

"Pilota EAJren eta PSE-EEren teilatuan dago", azpimarratu du Arresek. Aldi berean, "arduraz jokatzeko" eta hezkuntza akordioan lortutako adostasunak betetzeko deia egin die alderdiei.

EAJtik EH Bilduren azken proposamena aztertuko duela adierazi badute ere, sozialistek argi utzi duteez dutela hizkuntza ereduen gainean aldaketarik egitea onartuko.

Epeak

Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek ostiralean helaraziko die azken testua EAEko Hezkuntza Lege proiektuari buruzko lantaldeko kideei.

Hortik aurrera, datorren astelehenean lantaldean onartuko dute azken testua, eta asteazkenean Hezkuntza batzordearen argi berdea jasoko du.

Aurreikuspenak betetzen badira, Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21eko osoko bilkuran onartuko du EAEko Hezkuntza Legea, itxura guztien arabera, EAJren eta PSE-EEren babesarekin soilik.

EH Bilduk, bere aldetik, mahai politikoa elkartuko du astelehenean eta militanteen esku utziko du azken erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Legebiltzarra bideoak Gizartea bideoak EH Bildu Euskal sozialistak Euskadiko PP Ciudadanosi buruzko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Hezkuntza