Gizartea -
Sinadurak
Kontseiluak euskarazko eredu orokortua eskatu du Eusko Legebiltzarrean
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eskaera gutun bat helarazi die legebiltzarkideei, 20.000tik gora herritarren babesarekin, EAEko Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikaseredua orokor dezala eta etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko tresna izan dadila eskatzeko.
I. R. | EITB MEDIA
Euskalgintzaren Kontseiluak 20.348 sinadura aurkeztu ditu astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean, etorkizuneko Hezkuntza Legeak euskarazko ikasketa eredua orokortu eta "etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko tresna" izan dadin eskatzeko.
Erakundeko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek aurkeztu ditu sinadura horiek guztiak Eusko Legebiltzarreko egoitzan, eta legebiltzarkide guztiei gutun bat helarazi die etorkizuneko legean aldaketa horiek eskatzeko. Izan ere, bere ustez, proposamen horrek "babes zabala" du eskola-komunitatearen barruan.
Eskisabelek gogora ekarri duenez, hezkuntza, kultura eta euskalgintzako 211 aditu eta profesionalek sinatutako proposamen bat plazaratu zen iazko abenduaren 3an, eta idatzi horrek hiru puntu jasotzen zituen Hezkuntza Lege berriak euskaraz ikasteko eredua orokortzeko, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma izateko eta arautu gabeko hezkuntza osorik euskaraz garatzeko. Proposamena 20.348 lagunek sinatu dute, joan den irailaren 12an erakundeak berak, Ikastolen Elkartearekin, EHIGErekin, HEIZErekin, Hik Hasirekin eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuekin batera, besteak beste, eskola-komunitatearen esparruan abian jarritako sinadura-bilketari esker.
Jasotako babesa "ikas-komunitatearen barruan proposamenak duen babes zabalaren frogatzat" jo du Kontseiluak, eta gogoratu du, Hezkuntza Legearen erreforma Legebiltzarrean hasi zenetik, prozesua "hurbiletik eta arreta bereziz" jarraitu dutela, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiak euskalduntzeko eskubidea bermatuko duten neurriak proposatuz, "beti ere hezkuntza arloko eragile, sindikatu eta adituekin batera". Hala, proposamena lege-proiektuaren zirriborroari egindako 33 zuzenketa zehatzen bidez gauzatu dela gogoratu du.
Lan horren emaitza, Eskisabelek azpimarratu duenez, Kontseiluak mahai gainean jarri duen proposamena da, etorkizuneko hezkuntza-sistemaren hizkuntza-eredua jasotzen duena: "Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakas-hizkuntza normalizatua izango da, eta erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da jardueretan". Halaber, nabarmendu duenez, "hizkuntza-eredu orokor eta inklusiboa izango da, eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza-ofizialen arteko aukeraketaren arabera".
Egungo hizkuntza-eredu "zaharkituak" gainditzea
Kontseiluak azaldu duenez, proposamenak ikasleen "hizkuntza-segregazioa" eragiten duten egungo eredu "zaharkituak" gainditzea planteatzen du, eta euskara ardatz izango duen eredu orokortu eta inklusibo bat ezartzea, "gutxien dutenei gehiago ematea izan dadin".
"Ezin dugu ezkutatu azken asteetan kezka larria piztu digula egun indarrean diren hizkuntza-ereduak legearen hitzaurrean berariaz jaso eta hiru hizkuntzen izaera bideratzailea ezartzeko zuzenketek", adierazi du Eskisabelek. Ildo horretan, deitoratu du egungo ereduek "milaka haur eta gazteri euskararen ezagutza nahikoa lortzea ukatzen" dietela, eta hori oztopo handia dela euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko eta, beraz, "gizarte-kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko".
Era berean, kezkatuta agertu da zuzenketak hezkuntza sistemaren hizkuntza ereduei buruzko eztabaida auzitegietara eramatea ahalbidetu dezakeelako, "soziala eta politikoa izan beharko lukeenean", ziurtatu du; ildo horretan, azpimarratu du badakitela zer esan nahi duen aukera horrek, "egungo oldarraldi judizialaren testuinguruan". Hala, joan den azaroaren 4an oldarraldiaren aurka eta hizkuntza-politiketan jauzi bat ematearen alde Bilbon egindako manifestazio jendetsua gogoratu du idazkari nagusiak.
Hori dela eta, hezkuntza eragile nagusien, gehiengo sindikalaren eta gaur Eusko Legebiltzarrera aurkeztu dituzten milaka sinaduren babesarekin, legebiltzarkideei eskaera zehatz bat egin die Eskisabelek: "Aintzat har dezatela ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ezinbestekoa dela bide horretan arrakastatsuena izan den eredutik abiatzea, hau da, euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izan duen eredutik". Azken finean, "Hezkuntza Legea bermea izan dadila ikasle guztiak euskaraz jabetzeko duten eskubidearen berme, eta eman diezaiela euskara gehiago gutxien dutenei, justizia sozialaren eta gizarte kohesioaren alde eginez", ondorioztatu du.