Gizartea -

Epaiketa

Iker Cocak Santi anaiaren heriotza argitzeko epaiketan deklaratu du: "Espreski aritu ziren hura jotzen"

Santi Cocari 2019ko apirilaren 26an eman zioten jipoia ikusi zuten hainbat lekukok deklaratu dute astelehen honetan. Gertatutakoa ez zela denen arteko borroka bat izan adierazi dute, Santiren aurka egin zutela bereziki. Akusatuak han ikusi zituztela adierazi dute.

Iker Coca, bere anaia Santiren heriotza argitzeko epaiketara iristen. Argazkia: EFE.
Iker Coca, bere anaia Santiren heriotza argitzeko epaiketara iristen. Argazkia: EFE.
Iker Coca, bere anaia Santiren heriotza argitzeko epaiketara iristen. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, astelehena, hasi dira Santi Cocaren heriotza argitzeko epaiketako lekukoak testigantza ematen, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Lehenengoa Iker Coca izan da, Santiren anaia. 2019ko apirileko gau hartan parrandan irten ziren lagunekin, eta elkarrekin zeuden Donostiako dantzalekuaren kanpoaldean jipioa gertatu zenean. Ikerrek eman duen testigantzaren arabera, erasotzaileak "bereziki aritu ziren" Santiren kontra. Hura ez zen izan "denek denen aurka" egindako borroka bat, argitu duenez.

Ikerren arabera, 05:00ak aldera, ustez tabako-pakete bat lapurtu zien pertsona batengana hurbildu ziren bera eta bi lagun, itzul ziezaien eskatzeko. Une horretan, bere atzean "tentsio" eta "mugimendu" handia antzeman zuela-eta buelta eman zuenean, "jende pila bat, hamar-hamabi lagun inguru, anaiari ukabilkadak eta ostikoak ematen" ikusi zituela azaldu du.

Testigantzaren arabera, bertara hurbildu zen, erasotzaileak anaiarengandik "bereizteko". Ondoren, kolpe bat nabaritu zuela eta anaia eta bera lurrera erori zirela adierazi du. Anaiaren gainean jartzen saiatu zela azaldu du, ematen zizkioten "kolpeak arintzeko". "Erasotzaileek ihes egin zuten" arte, berak ere kolpeak jaso zituela baieztatu du.

Iker Cocak adierazi duenez, "dena oso azkar gertatu zen". Gero anbulantzia iritsi zen eta bera "shock egoeran" gelditu zela azaldu du; anaia "lurrean" zegoen, "ez zen altxatzen" eta "hilda zegoela" iruditu zitzaion.

Akusatuetako bat ezagutu du Santiren anaiak. Gertakariak izan zirenean han zegoela adierazi du, baina ez du zehaztu kolpeak ematen parte hartu zuen edo ez.

Iker Cocaren deklarazioaren ondoren, gau hartan bi anaiekin zeuden lagunetako batzuk deitu dituzte lekuko gisa.

Horietako batek Ikerrek esandakoarekin bat datorren bertsioa eman du. Berretsi du gertatutakoa ez zela "borroka bat izan", "Santiren aurkako eraso bat baizik". Azaldu duenez, jasotzen ari zen kolpe kopurua ikusita, bera ere biktimaren gainean jarri zen "babesteko". Erasotzaileek jakatik atzerantz tira egiten ziotela gaineratu du, Santiri "ostikoak eta ukabilkadak ematen jarraitzeko asmoz".

Beste lekuko batek esan duenez, Santiri entzun zion erasotzaileei "banan-banan" joateko eskatzen, taldean erasotzen ari zitzaizkiolako. Lekuko honen hitzetan, seigarren akusatuak, ihes eginda dagoenak, "asko eta ankerki" jotzen zuen, eta "hiltzeko asmoz" ari zela pentsa zitekeen.

Gertaturikoa distantzia batetik ikusi zuen beste lekuko batek ere deklaratu du. Honek aulkian esertzen diren bost akusatuak ezagutu ditu, eta bertan kokatu ditu. Horietako hiru Santiri kolpeak eman zizkion taldeko kide gisa identifikatu ditu.

Santi Cocaren heriotza egotzita, bost pertsona esertzen dira egunotan akusatuen aulkian. Fiskaltzak eta biktimaren familiak osatzen duen akusazio partikularrak 20 urteko espetxe-zigorra eskatzen dute haietako bakoitzarentzat. Seigarren lagun bat ere auzipetu zuten, baina ihes eginda dago 2022ko urritik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Delituak argazkiak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak