Gizartea -
OSASUNA
EAE da ebakuntza bat egiteko itxaron zerrenda txikiena duen Estatuko hirugarren erkidegoa, 68 egunekin
2023ko ekainaren 30ean 24.333 pertsona zeuden ebakuntza baten zain Osakidetzan, Espainiako Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoa da 68 egunekin ebakuntza bat egiteko itxaron zerrenda txikiena duen Espainiako Estatuko hirugarren erkidegoa, Madrilgo Erkidegoaren (45 egun) eta Galiziaren (66 egun) atzetik. Guztira, 24.333 pertsona zeuden ebakuntza baten zain Osakidetzan 2023ko ekainaren 30ean, Espainiako Osasun Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera.
Ebakuntza bat egiteko itxaronaldia 10,88koa da EAEn 100.000 biztanleko, Madrilgo Erkidegoaren atzetik (9,42).
EAEn batez besteko itxaronaldia 68 egunekoa bada ere, gaixoen % 4,5ek sei hilabete baino gehiago itxaron behar dute ebakuntza egiteko. Estatuan, berriz, sei hilabete itxaron behar dutenen portzentajea handiagoa da, % 17,4koa, hain zuzen ere.
Espezialitateak aintzat hartuta, operatzeko itxaron zerrenda handiena dutenak hauek dira: oftalmologia (6.735 pertsona zain), traumatologia (6.177 pertsona zain), kirurgia orokorra eta digestio aparatua (3.708 pertsona zain).
Batez besteko 68 eguneko itxaronaldia gainditzen duten espezialitateak hauek dira: kirurgia plastikoa (181 egun), kirurgia pediatrikoa (79 egun), eta kirurgia baskularra (77 egun).
Bestalde, mediku espezializatu batekin hitzordua izateko batez besteko itxaronaldia 44 egunekoa da, Estatukoaren oso azpitik (87 egun). Zerrenda horretan lehen tokian ageri dira EAEn traumatologia (54 egun), ginekologia (49 egun) eta dermatologia (48 egun).