Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Sei pertsona atxilotu dituzte Durangon ia 1,4 milioi euroko balioa duten arropa faltsuak saltzea leporatuta
Guztira, Guardia Zibilak 3.783 artikulu konfiskatu ditu, tartean, kirol taldeetako ekipamenduak. Ustezko delitugileetako bost Bizkaian (4) eta Gipuzkoan (1) bizi dira.
EITB Media
Guardia Zibilak sei pertsona atxilotu ditu Durangon eta zazpigarren lagun bat ikertzen ari da, 1.337.285 euroko balioa duten markako arropa faltsuak saltzea egotzita. Guztira, 3.783 artikulu konfiskatu dizkiete, eta jabetza industrialaren aurkako delitua leporatu diete. Ustezko delitugileetako bost EAEn bizi dira, lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan, eta bi Kantabrian.
Hedabideetara zabaldutako ohar batean Guardia Zibilak azaldu duenez, marka komertzial ezagunen faltsifikazioak saltzen ziren hainbat postu aurkitu zituzten joan den urriaren 22an.
Agenteek zaintza dispositibo bat ezarri zuten kale-saltzaileak eta materiala eramateko erabilitako ibilgailuak identifikatzeko. Durangoko sarrera-irteeretan jarritako kontroletan, sei ibilgailu atzeman zituzten markako arropa faltsuekin beteta.
Guztira, 3.783 salgai faltsu konfiskatu zituzten, tartean poltsak, diru zorroak, gerrikoak, kirol zapatilak eta kirol talde profesionaletako ekipamenduak, tartean Bizkaiko erreferentziazko futbol taldearen 520 jantzi.