Gizartea -
Eguraldia
Hego-haizeak giroa epeldu eta lehortuko du
Astelehenean, tenperaturak 20 ºC ingurukoak izango dira, eta laino altuak eta ostarte handiak izango dira. Astearte arratsaldean, berriz, euria iritsiko da, eguraldi aldaketarekin batera.
eitb media
Hego-haizeak berea egingo du datorren astean, eta tenperaturak 23 ºC-raino iritsiko dira Euskal Herriko leku batzuetan, ostarte handiekin, astearte arratsaldera arte, orduan euria etorriko baita, eguraldi aldaketarekin batera.
Gaur, hodeitza arinduz joango da. Goizean goiz, hodeiguneak nagusituko dira isurialde atlantikoko zenbait lekutan, eta zaparrada bakanen bat bota dezake, bereziki ipar-ekialdean. Goizak aurrera egin ahala, ordea, giroa argituz joango da, eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak saretuta agertuko dira eta urdingune zabalak irekiko dira gainerako orduetan. Mendebaldeko haizea ibiliko da, hego-mendebaldekoa nagusituta, eta arratsaldean indarra galduko du. Tenperatura maximoak atzo baino gradu bat gorago gelditu daitezke.
Astelehenean, hego-haizea ibiliko da, eta tenperaturak gradu pare bat egingo du gora. Haizeguneetan, haizeak gogor joko du, eta tenperatura maximoak ia udaberriko balioetara iritsiko dira; 20 eta 23 ºC artean kokatuko dira ipar partean eta 20 ºC-tik behera geldituko dira hegoaldean. Egunsentian, hodeiguneak agertuko dira ipar partean eta behe-lainoa sortuko da barnealdeko bailaretan. Gainerako orduetan, ordea, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak nahiko saretuta iritsiko dira, eta urdingune politak irekiko dira.
Asteartean, zerua lainotuago egongo da, eta arratsaldean, ipar partean, euri pixka bat egingo du. Zerua hodeitsu agertuko da erdi-mailako hodei eta goi-hodeiekin; arratsaldean, hodeitza trinkotu egingo da, eta euri pixka bat egingo du tarteka isurialde atlantikoan. Haizea hego-mendebaldetik ibiliko da, goizean haizelekuetan bolada gogorrekin, eta kostaldean ipar-mendebaldera egin dezake arratsaldean. Tenperatura maximoak gradu pare bat beherago geldituko dira.
Asteazkenetik aurrera, haizea iparraldetik iritsiko da, ezegonkortasuna handituko da eta euria egingo du.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali argazkiak eta bideoak.