Gizartea -

Istiluak

Aske gelditu dira Real Sociedad-Benfica partidaren aurreko istiluengatik atxilotutakoak

Gaua komisarian igaro ostean, lau atxilotuak epailearen aurrera eraman dituzte ostegun honetan. Bitartean, Reale Arena estadio barruan bengalak jaurti zituzten zaleak identifikatzeko ikerketa zabalik du Ertzaintzak.

Ertzaintzak ultretako bat atxilotu zuen unea. Argazkia: EFE.
Ertzaintzak ultretako bat atxilotu zuen unea. Argazkia: EFE.
Ertzaintzak ultretako bat atxilotu zuen unea. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostian, Realaren eta Benficaren arteko Txapeldunen Ligako partidaren aurretik izandako istiluengatik atzo atxilotu zituzten lau pertsonak aske geratu dira, hiriburuko epaitegi batean deklaratu ostean.

Atxilotuek (21, 26, 32 eta 42 urte dituzte) polizia-etxean igaro dute gaua, eta epaitegiaren esku utzi dituzte gaur. Epaileak aske uztea agindu du, baina ez dute jakinarazi kautelazko neurririk ezarri dieten.

Lau lagun horiek partida hasi aurretik atxilotu zituzten Donostian, Amara auzoan, Benficako eta Realeko zale erradikalen artean istilu eta borroka larriak izan ondoren.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak zehaztu zuenez, atxilotuetako bi Benficako ultrak ziren eta bat Realekoa, baina azken hori ez da klubeko bazkidea.

Horiek atxilotzeaz gain, Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, Reale Arena-Anoeta estadioaren barruan bengalak piztu eta familiak egoten diren harmailetara jaurti zituzten zale portugaldarrak identifikatzeko.

Ustez bengalak jaurti zituztenetako batzuk identifikatu dituzte jada. Oraingoz, ordea, ez dute inor atxilotu horrekin lotuta, eta ikertzen jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Reala Donostia Ertzaintza Gipuzkoa Anoeta-Reale Arena Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Portugal