Gizartea -

Gaza, erasopean

Bilkura isila egin dute gaur Zarautzen Ivan Illarramendiren hilketa gaitzesteko

Bien bitartean, 46 urteko bilbotarraren senitartekoak Israelera bidean dira haren gorpuzkiak aberriratzeko.

Zarautzen egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB Media
Zarautzen egindako elkarretaratzea
Zarautzen egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarauzko Udalak elkarretaratze isila egin du eguerdian Ivan Illarramendiren eta haren emazte Loren Garcovichen hilketa gaitzesteko. Hamaseko miliziek urriaren 7an hil zituzten biak (Kissufim kibbutzean bizi ziren, Gazatik gertu), Israelen kontra egindako erasoaldian. Illaramendi bilbotarra zen sortzez, baina lotura handia zuen Gipuzkoako udalerriarekin, familiaren zati bat bertan bizi baita eta aita zarauztarra baitu; ama, berriz, Getariakoa. 

Udalaren Bozeramaileen Batzordeak elkarretaratzea deitzeko eta hilketa "irmoki gaitzesteko" adierazpen instituzionala adostu zuen atzo, albistea ezagutu berritan. 

Era berean, Udalak "gatazka honetan sortutako muturreko indarkeria jasanezin guztia amaitzeko neurriak hartzea" eskatu zuen. 

46 urteko bilbotarraren familiak Zarautzekin zuen lotura tarteko, Xabier Txurruka alkatea senitartekoekin harremanetan izan da, desagertu zenetik. 

Hain justu, Ivanen anaia Israelera bidean da gorpuzkiak Euskal Herrira ekartzeko. Hileta elizkizuna azaroaren 17an egingo dute, Zarauzko parrokian. Familiak dolua intimitatean egin nahi duela adierazi du, alkatearen ahotan. 

Hilabete pasatxo desagertuta

Emaztearekin batera bizi zen Illarramendi Kissufim kibbutzean (Gazako Zerrendatik kilometro eskasera dago), eta Hamasek iragan urriaren 7an lurretik, itsasotik eta airetik egindako erasoaldiak inguru hori suntsitu zuen. Eraso horietan, talde islamistak 1.400 lagun hil, 5.400 zauritu eta 200 bahitu zituen.

Illarramendiri buruzko berririk gabe eman zituen haren familiak hainbat egun, eta erasoa jazo eta 10 egunera, urriaren 17an, bahituta zegoela iragarri zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. 

Illaramendiren eta Garcovichen hilotzak Israelgo gorputegi batean egon dira duela hilabetetik. Gorpuak erreta zeuden, eta DNA frogak egin arte ezin identifikatuta egon dira. 

Erakundeek eta alderdiek hilketa gaitzetsi dute

Heriotza baieztatu ostean, bata bestearen ondotik etorri dira gaitzespen mezuak. 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "irmo" gaitzetsi ditu hilketak, eta nazioarteko agintariei neurriak hartzeko eskatu die Hamasen eta Israelgo Armadaren artean piztutako indarkeriari amaiera emateko. Antzeko mezuak plazaratu dituzte EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak sare sozialetan eman du bere gaitzespenaren berri. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Zer gertatu da gaur Bilbon? Gipuzkoa Bahiketak bideoak Zarautz berriak Gazako bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Hamas albisteak Ekialde Hurbileko albisteak