Gizartea -
BELGIKA
Zumarragako gaztearen familia Belgikako Poliziarekin bildu da Bruselan
Erasoa azaroaren 1ean gertatu zen Bruselako Molenbeek auzoan. Gazteak zauri larriak ditu aurpegian eta hezurrak hautsita buruan. Eragindako koma egoeran dago.
EITB Media
Bruselan azaroaren 1ean jipoitu zuten Zumarragako gaztearen familia Belgikako Poliziako arduradunekin bildu da gaur, ikerketaren nondik norakoak ezagutzeko, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
Bi lekukok deklaratu dutenaren arabera, 30 bat pertsonaren artean jipoitu zuten gaztea joan den asteazkenean. Oraindik ez dute inor atxilotu gai honekin lotuta.
Erasoa Molenbeek auzoan gertatu zen, metro geltoki baten irteeran, eta ospitalean dago harrezkero. Antza denez, beisboleko bateekin, makilekin eta metalezko objektuekin kolpatu zuten. Eragindako koma egoeran dago.
Gaztea Bruselan bizi da osabarekin duela bi urtetik. Jipoitutako gaztea lankide batekin partida bat jokatzera joan zen iragan asteazkenean, eta handik bueltan metroz itzuliko zela idatzi zion osabari. Hala ere, une jakin batean osabari mezuak erantzuteari utzi zion, eta ez zen etxera bueltatu. Geroago, gaztea ospitale batean egoera larrian zegoela esateko deitu zioten.
Familiak salaketa aurkeztu zuen, eta Polizia erasoaren nondik norakoak ikertzen ari da.