Gizartea -
polizia operazioa
14 pertsona atxilotu dituzte terrorismo jihadistarekin lotura dutelakoan, horietatik hiru EAEn
Gipuzkoan bi atxiloketa egin dituzte, eta hirugarrena Araban, Gasteizen zehazki.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak 14 pertsona atxilotu ditu Espainiako Estatuko hainbat puntutan, terrorismo jihadistarekin lotura dutelakoan. Hiru atxiloketa EAEn egin dituzte: bi, Gipuzkoan, eta bestea, Araban, Gasteizen.
Polizia iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez, Espainiako Poliziaren Informazio Komisaria Orokorrak gidatu du operazioa. Beste iturri batzuen esanetan, Joaquin Gadea Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du.
Operazioaren inguruko xehetasun gehiago eman ez badituzte ere, atxiloketa batzuek erradikalizatutako Pakistango elkarte batekin omen dute lotura.
Atentatu terroristen arriskuagatik 4. alerta mailan dago Espainiako Estatua. Frantziako eta Belgikako atentatuen ostean, maila horri eutsi baina segurtasun neurriak indartzeko agindua eman zuen Fernando Grande Marlaska Barne ministroak.