Gizartea -

Nafarroa

Ostiraletik desagertuta zeuden 7 urteko mutiko baten eta haren aitaren gorpuak topatu dituzte Urbasan

Guardia Zibilak atzo ekin zion haurra bilatzeko lanei, amak jarritako salaketa tarteko. Bikotea banatuta dago, eta ostiralean aitak jaso zuen adingabea. Ikerketak inolako hipotesirik ez du baztertzen, indarkeria bikarioarena barne. Lizarrak eta Iguzkizak hiru dolu-egun ezarri dituzte.

Ubabatik gertu aurkitu dituzte gorpuak. Argazkia: Javier Legaz
Ubabatik edo Pilatosen Balkoitik gertu aurkitu dituzte gorpuak.
Desagertutako gizonaren eta 7 urteko semearen gorpuak aurkitu dituzte Urbasan

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

7 urteko mutiko baten eta 54 urteko haren aitaren gorpuak aurkitu dituzte gaur, asteartearekin, Urbasan (Nafarroa), dispositiboaren iturriek jakinarazi dutenez. Atzotik ari ziren euren bila, amak aurkeztutako salaketa baten harira. Bikotea bananduta dago, eta ostiralean aitak hartu zuen haurra. Atzo, baina, eskolara adingabearen bila joan zen emakumea, baina aitak ikastetxera eraman ez zuela jakinarazi zioten. 

Ordutik ari ziren bien bila Guardia Zibila, Foruzaingoa, suhiltzaileak eta Nafarroako basozainak. Atzo aitaren ibilgailua topatu zuten Ubaba inguruan. Hain justu, "Pilatosen Balkoia" izenez ezagutzen den toki horretatik gertu, gune malkartsu batean, aurkitu ditu helikoptero batek bi hilotzak (gizonezko heldu batena eta haur batena).

Guardia Zibila gertatutakoa ikertzen ari da, inolako hipotesirik baztertu gabe, indarkeria bikarioarena barne. Bikotea duela bi urte eta erdi banandu zen, eta senar ohiak "gaizki" zeraman egoera hori, ikerketako iturrien arabera. Antza denez, emakumeak hildakoen berri izan zuen azken aldia bere urtebetetzea zoriontzeko deia izan zen.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak gertatutakoa deitoratu du, eta adierazi du "eskura dauden baliabide guztiekin eta indar guztiarekin" lan egin dutela "gauean eta goizaldean pertsona horiek aurkitu ahal izateko". Era berean, esan du Foru Exekutiboa laguntza psikologikoa eta medikoa ematen ari zaiela senideei.

Felix Taberna Foru Gobernuko presidenteordeak ere hizpide izan du gertakaria, eta azpimarratu du "oraindik" ezin zaiola egotzi indarkeria "matxistari edo bikarioari", sekretupean dagoen ikerketa baten hasieran daudelako.

Samina Lizarran, Urbasan hilda aurkitu dituzten 7 urteko mutikoa eta bere aitarekin gertatutakoagatik
Samina Lizarran, Urbasan hilda aurkitu dituzten 7 urteko mutikoa eta bere aitarekin gertatutakoagatik
Samina Lizarran, Urbasan hilda aurkitu dituzten 7 urteko mutikoa eta bere aitarekin gertatutakoagatik

0:34

Lizarran, albisteak herritarrak "ikaragarri" hunkitu ditu, bizilagunek adierazi dutenez, gertatutakoaren berri izan dutenean "izoztuta" geratu direla aitortu baitute.

Hala, Udalak Bozeramaileen Batzordea deitu du, "senideei, lagunei eta ikastolari elkartasuna eta maitasuna" adierazteko eta "Udal gisa eman diezaiekegun laguntza guztia" haien esku jartzeko.

Era berean, elkarretaratzea deitu du, 13:00etan, udaletxearen atarian, udalbatzako kideak eta herritarrak bertan zirela, gertatutakoagatik atsekabea eta familiarekiko elkartasuna agerian uzteko.

Halaber, alkatetzaren ebazpen bidez, hiru dolu-egun ezarri dira herrian, eta, egun horietan, udaletxeko banderak haga erdian egongo dira.

Marta Ruiz de Alda alkateak komunikabideei azaldu dienez, "albiste triste" honen aurrean, babesa eta elkartasuna adierazi besterik ezin dute egin dolu-une honetan.

"Doluarekin eta gertakarien ikerketarekin errespetuz jokatu behar dugu", nabarmendu du alkateak, eta datozen egunetan albisteen bilakaera jarraituko dutela erantsi du. "Oraingoz, familiari bakarrik esan diezaiokegu, Udalean zein hirian, elkarretaratzean ikusitakoaren arabera, babes osoa duela", azpimarratu du.

Atsekabea Iguzkizan, Urbasan gertatutako ustezko indarkeria bikario kasuagatik
Atsekabea Iguzkizan, Urbasan gertatutako ustezko indarkeria bikario kasuagatik
Atsekabea Iguzkizan, Urbasan gertatutako ustezko indarkeria bikario kasuagatik

0:36

Bestalde, Iguzkizako Udalak, aitaren jaioterriak, elkartasuna adierazi die hildako adingabearen senide eta lagunei bere webgunean argitaratutako ohar baten bidez, eta Udal eta Kontzeju gisa eman dezaketen laguntza guztia eskaini die. Era berean, hiru dolu-egun ezarri ditu.

Lizarra Ikastolak, non hildako adingabea ikasten ari zen, elkarretaratze intimoa egin du gaur arratsaldean jolastokian, guraso, ikasle, irakasle eta eskolako langileen parte hartzearekin.

Ikastolan dagoeneko jakinarazi zaie ikasleei gertatutakoa, ikasleen gurasoek EFEri adierazi diotenez.

Ikastetxe horretako zuzendaritzak jakinarazpen bat bidali die familiei, "hezkuntza-komunitate osoarentzako egun gogor eta guztiz triste batean" nola jokatu behar zuten azaltzeko.

Ildo horretan, Hezkuntza Bizikidetzako taldearen eta Goizargi elkartearen gomendioei jarraituz, tutoreek haurrei azaldu diete zer gertatu zaio LH 2ko ikaskideari.

Irakasleek ikasleak euren emozioak adieraztera gonbidatu dituzte, "guztien artean, negarrez, hitzez, marrazkiz... Babesa eta maitasuna adierazteko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Desagertutako pertsonak Lizarra azken ordukoa Matxismoa