Gizartea -
''Izeba'' programa
Gipuzkoako Foru Aldundia tutoretzapeko adingabeak hartzeko 20 familia berriren bila ari da
Gaur egun, tutoretzapeko 415 adingabe bizi dira Gipuzkoan egoitza-harreran, eta 349 harrera-familiekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundia, Baketik Fundazioarekin elkarlanean garatzen duen Izeba programaren bidez, tutoretzapeko adingabeentzako 20 harrera-familia berriren bila ari da.
Donostian emandako prentsaurrekoan, Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Kristina Soares Baketik Fundazioko arduradunak "2009an sortutako sarera 20 familia boluntario berri erakartzeko" antolatu duten kanpaina azaldu dute, Izeba programaren barruan.
"Osaba-izebak behar dira 8 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzat", adierazi du Peñak, eta zehaztu du "adingabe migratzaileak" izan daitezkeela, "premia bereziak dituztenak edo desgaituak".
Egoitza-harreran bizi diren Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko adingabeei zuzendutako programa da. Bertan, familia boluntarioek laguntza eskaintzen diete osaba-izeben figuran, familiako beste kide bat bezala.
Gaur egun, tutoretzapeko 415 adingabe bizi dira Gipuzkoan egoitza-harreran, eta 349 harrera-familiekin. Azken 14 urteetan, 300 familiak baino gehiagok parte hartu dute Izeba programan. Aurten, 87 harreman sustatu dituzte adingabeen eta boluntarioen artean, eta babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeen "erreferente eta laguntza-figura" izan dira parte-hartzaileak.