Gizartea -
Manifestazioa
Kontseiluak Bilboko kaleak bete nahi ditu euskararen normalizazioaren alde eta 'esku-hartze' judizialen aurka
"Aniztasunean, errespetuan eta berdintasunean" sinesten duten guztiei egin die bertan parte hartzeko deia. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskalduna Jauregitik.
eitb media
Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten elkarte eta eragile nagusiak barne hartzen dituen erakundeak, larunbat honetan Bilbon deitu duen manifestazioan, auzitegien "esku-hartzea" salatu, "euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatu" eta herritarren eskubideak "erdigunean" jarriko dituzte. Gaurko manifestazioa Euskalduna Jauregitik aterako da, 17:00etan, "Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat" lelopean.
2020tik, Hego Euskal Herriko epaitegiek gutxienez 15 ebazpen eman dituzte euskara-eskakizunaren klausulak eta baldintzak edo eskakizunak eurak bertan behera utziz. Kasu gehienetan, norbanakoek, sindikatuek edo enpresek jarritako helegiteen ostean iritsi dira ebazpenak, eta argudioei erreparatuta, gogortzen joan dira, indarrean dagoen legedia eta hizkuntza-ereduen sistema zalantzan jartzeraino. Azken ebazpena Vox eskuin muturreko alderdiak jarritako salaketa batek ekarri du.
Egoera horren aurrean, Kontseiluak mobilizatzea eta gaurko manifestazioa deitzea erabaki zuen. "Aniztasunean, errespetuan eta berdintasunean" sinesten duten guztiei egin die parte hartzeko gonbidapena, ez delako "euskaldunen eta euskaltzaleen kontua soilik, hizkuntza-eskubideez ari gara".
Manifestazioarekin bat egin dute alderdi gehienek (EAJ, EH Bildu, Sumar…), sindikatuek (ELA, LAB, EHNE, CGT/LKN…) eta beste elkarte eta mugimendu askok.
Bilbon ostiralean emandako prentsaurrekoan, Kataluniako Omnium Cultural, Galiziako A Mesa Pola Normalizacion Linguistica, Accio Cultural del Pais Valencia, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Xunta pola Defensa de la Llingua Asturiana eta Iniciativa pol Asturianu elkarteek ere atxikipena agertu diote manifestazioari.
Eusko Jaurlaritzak iragarri du ez duela manifestazioan parte hartuko, ez duelako horrelakoetan parte hartzen, eta oraingo honetan ere ez du horrelakorik egingo.
Dena den, Iñigo Urkulluren gobernuak eta lehendakariak berak ezinegona agertu dute behin eta berriz euskararen aurkako azken epai judizialen aurrean, eta iragarri dute horren kontra egingo dutela.
Urriaren 20an Legebiltzarrean egindako saioan, esaterako, Urkulluk salatu zuen esparru judizialean "sentsibilitaterik gabe" ari zirela jokatzen, euskararen erabilerarekin lotutako politikei dagokienez. Orduan aurreratu zuen, hain zuzen ere, Jaurlaritzak Gorenera joko duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken epaiak salatzeko. Hitz horiek Juan Luis Ibarra magistratua asaldatu zuten; izan ere, Ibarraren ustez, "erabaki judizialei emandako erantzun horretan, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak sufrimendua sozializatzeko estrategiaren esparruan sustatutako Botere Judizialaren deslegitimazio sozialeko beste kanpaina batzuen oihartzuna antzeman daiteke".
Bestalde, EAJk eta EH Bilduk epai horiek "irmoki" gaitzesten dituen testu bat adostu zuten Legebiltzarrean, "euskararen biziberritzeari ez ezik", ebazpenek "kontsentsu sozial handi bati ere" egiten diotela eraso iritzita. Bi alderdiek itundutako ekimen horrekin, Legebiltzarrak bat egin du manifestazioarekin.
Hain zuzen ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) dei egin die lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei, "nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko".
Hauek dira 2020tik Hego Euskal Herrian euskararen aurka eman diren epaiak, berrienetik abiatuta: