Gizartea -
Segurtasuna
Ertzaintzak EAEko diskoteka handiak ikuskatu ditu Gau Beltzean segurtasuna bermatzeko
700 pertsona baino gehiagoko edukiera duten dantzalekuak aztertu dituzte agenteek (4 Bizkaian; 2, Araban; eta 1, Gipuzkoan), eta gau honetan bertan prebentzio eta kontrol lanak izango dira. Dekorazioa eta larrialdietako ateak ondo daudela egiaztatu dute, besteak beste.
EITB Media
Urriaren 31n Gau Beltza edo Arimen Gaua (AEBko Halloween-en baliokidea gurean) ospatzen dela eta, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitatearen agenteek ikuskaritza eta kontrol lanak egin dituzte egunotan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dauden zazpi dantzaleku handietan.
Diskotekok 700 pertsona baino gehiagoko edukiera dute, eta horrela daude banatuta: lau daude Bizkaian; bi, Araban; eta bakarra, Gipuzkoan.
Arimen Gaua tarteko, dekorazioan segurtasuna arriskuan jar dezakeen aldaketarik egin ote den aztertu dute agenteek, baita larrialdietarako ateak ondo dauden ere. Helburua da egun seinalatu horren harira antolatu diren jaietara joango direnen segurtasuna bermatzea.
Aurretik egindako ikuskatze horiez gain, gaur bertan, gauean zehar, unitate horretako agenteak eta Herritarren Babeserako ertzainak elkarlanean arituko dira prebentzio eta kontrol lanak egiten. Dantzalekuen inguruan ibiliko dira "instalazioak eta segurtasun pribatuko langileen funtzioak egiaztatzen, lokaletan adingabeak ote dauden kontrolatzen eta gehiegizko edukiera edota itxiera ordua kontrolatzen", Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez.