Gizartea -

Migrazioa

Espainiako Gobernuak asiloa ukatu dio Egiptotik Loiura astelehenean iritsitako polizoiari

25 urteko egiptoarra Kairotik etorritako hegaldi batean atzeman zuten Bilboko Aireportuan, eta atxilotuta dute ordutik. CEAR Euskadik jakinarazi duenez, gizonak arrazoi erlijiosoengatik egin du ihes, bere bizia arriskuan zegoelakoan. Egoera aldatu ezean, astelehenean itzularaziko dute Egiptora.

Espainiako Poliziaren autoa aireportuko pistan, polizoia atzeman zutenean. EITB Media
Espainiako Poliziaren autoa aireportuko pistan, polizoia atzeman zutenean.
Espainiako Poliziaren autoa aireportuko pistan, polizoia atzeman zutenean. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak asilo eskaera ukatu dio astelehenean Kairo-Bilbo hegaldia egin zuen hegazkinean atzeman zuten polizoiari. 25 urteko egiptoarra aste hasieran atzeman zuten Bilboko Aireportuan, hegazkineko sotoan ezkutatuta, eta atxilotuta dute ordutik. CEAR errefuxiatuak babesteko elkarteak helegitea jarriko duela iragarri du.

CEAR Euskadik jakinarazi duenez, arrazoi erlijiosoengatik ihes egin zuen Egiptotik. Islamaren apostasia egin zuen, eta tratu txarrak jasan zituen horregatik. Umetan imam batek sexu-abusuak egin zizkiola eta horregatik ez duela Mahoman sinesten azaldu dio gaur Javier Galparsoro CEAR elkarteko presidente eta abokatuari. Gainera, homosexuala dela eta gizon batekin ezkonduta dagoela ere aitortu dio. Bere bizia arriskuan zegoelakoan, Egipto utzi, eta Bilbora heldutakoan, asiloa eskatu zuen. Dena dela, esan bezala, Barne Ministerioak ez du eskaera tramitera onartu, froga nahikorik ez duela argudiatuta, eta astelehenerako jarri diote kanporatzeko agindua.

Azken datu horiek gehituta, kanporatzeko prozesua geldiarazten saiatuko da CEAR Euskadi elkatea. Helegite bat aurkeztu du, eta Ministerioak bi egun ditu eskaera horri erantzuteko.

Egiptoar gazteak ez du inolaz ere aberrira itzuli nahi, espetxeratu edo torturatu dezaketelako. Ikusteko dago astelehenean Egiptora abiatuko den hegaldian deportatzen duten ala ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportuko Albisteak Migrazioaren albisteak Espainiako Gobernua bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errefuxiatuak