Gizartea -
LAU ATXILOTU DAUDE
Artxandako hilketa "azken muturreraino" argituko dutela esan du Erkorekak
Sailburuaren hitzetan, baliteke joan den abuztuan Artxandan agertutako pertsonaren hilketaren atzean "arrazoi nahasketa bat" egotea, besteak beste "interes ekonomikoa", "substantzien kontsumoa" eta "zelopatia kasuren bat".
EITB MEDIA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan du Artxandan maleta baten barruan agertu zen gorpu zatituaren kasua "azken muturreraino" argitu ahal izango dela.
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, baliteke joan den abuztuan Artxandan agertutako pertsonaren hilketaren atzeran "arrazoi nahasketa bat" izatea, besteak beste "interes ekonomikoa", "substantzien kontsumoa" eta "zelopatia kasuren bat".
Ekorekak azpimarratu duenez, "oso zaila" izan da kasua ikertzea, "oso zantzu gutxitatik" abiatuta egin behar izan dutelako. Maletan aurkitutako gorpuzkiak "eskasak" zirela adierazi du, eta, beraz, "oso zaila" izan dela gorpuaren identitatea argitzea, eta nabarmendu du "teknika oso aurreratuak" erabili dituztela.
"Nik uste dut epailearen esku jarriko direla laster atxilotutako lau pertsonak. Polizia-etxean deklaratzen jarraitzen dute, baina zaila da arrazoiei buruz hitz egitea ", esan du. "Ikerketa norabide onean doa, eta ziurrenik azken muturreraino argitu ahal izango dugu kasua", azpimarratu du.