Gizartea -
BILBO
Bilboko udal gobernuak emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza proiektua onartu du
Bilbo erdialdea (Abando, Abandoibarra, Indautxu eta Zabalgunea) emisio gutxiko eremu izendatu dute. Behin betiko ordenantza datorren urteko lehen hiruhilekoan onartuko da, eta pixkanaka ezarriko da 2029. urtearen amaierara arte.
EITB Media
Bilboko udal gobernuak argi berdea eman dio emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza proiektuari, Europar Batasunaren gidalerroak beteta horrela. Izan ere, 50.000 biztanletik gorako hiri guztiei mugikortasunari lotutako emisioak murrizteko eskatzen die.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, erdialdea izango da emisio gutxiko eremua, hori delako egunero Bilbora trafiko gehien erakartzen duen gunea. Zehazki, Bilboko emisio gutxiko eremua zona mugatua izango da: Euskalduna zubitik Bailen kalera, Autonomia kaletik Zunzunegi kalera eta Sabino Arana kaletik Euskalduna zubira. Edo beste era batera esanda, Abando, Abandoibarra, Indautxu eta Zabalgunea sartuko dira mugatutako eremu horretan.
Ordenantzak sortzen duen kutsadura mailaren arabera sailkatzen ditu ibilgailuak: gutxi kutsatzen duen ibilgailua (0 emisioko etiketa, ECO eta C), ibilgailu kutsatzailea (B etiketa) eta oso ibilgailu kutsatzailea (A etiketa).
Ordenantza proiektuaren arabera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak, bizikletak, bizikleta elektrikoak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak emisio gutxiko eremuan libreki sartu eta ibili ahal izango dira, baita bertan aparkatu ere. Ibilgailu kutsatzaileek eta oso kutsatzaileek, aldiz, mugatuta izango dute emisio gutxiko eremuan sartzea, ibiltzea eta aparkatzea. Araudia astelehenetik ostiralera aplikatuko da, 07:00etatik 20:00etara.
Salbuespenak
Murrizketa horien aurrean, salbuespenak aurreikusi dira, besteak beste, erdialdean bizi diren pertsonen ibilgailuetarako, larrialdietako ibilgailuetarako eta funtsezko zerbitzuetarako, ibilgailu historikoetarako eta mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuetarako. Araudi honek ez die eragingo ordenantza hau indarrean sartu aurretik Bilboko Udaleko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren erroldan alta emanda dauden ibilgailuei, emisio gutxiko eremuan erroldatuta dauden egoiliarrenak izanik ere. Beraz, Emisio Gutxiko Eremua aplikatzetik salbuetsita daude, edozein ibilgailu mota dutela ere.
Trantsizioa
Aldaketa handi orok egokitzeko tarte bat eskatzen duela iritzita, udal gobernuak trantsizioaldi bat ezarri du. Gauzak horrela, murrizketak pixkanaka aplikatuko dira ordenantza indarrean sartzen denetik 2029. urtearen amaierara arte.
2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak baino ezingo dira sartu, ibili eta aparkatu Bilboko emisio gutxiko eremuan.