Gizartea -

GIPUZKOAN

Tutoretzapeko pisu batetik hamar hilabeteko semearekin atera zen emakume baten bila ari da Ertzaintza

Segurtasun Sailaren arabera, emakumea bere ustezko erasotzailearekin joan zen, hamar hilabeteko haurtxoarekin batera. Ertzaintzak bilaketa-agindua eman du.

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza indarkeria matxistaren biktima den emakume baten bila ari da, iragan larunbatean hamar hilabeteko semearekin Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko zentro batetik atera ondoren. Antza, ustezko erasotzailearekin batera, ibilgailuz joan ziren hirurak, Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez. Gizonezkoak, emakumearen bikotekide ohiak, urruntze-agindua zuen.

Zentroak larunbatean jakinarazi zuen emakumea eta haurra desagertu zirela. Polizia iturriek adierazi dutenez, emakumeak "babes handiena" zuen, arrisku bereziko emakumea baitzen. Baina, iturri horien arabera, eskolta-zerbitzua baztertu zuen emakumeak eta, hortaz, "mugitzeko askatasun osoa" zuen eta nahi zuenean irten zitekeen etxebizitzatik. Biktima tutoretzapeko etxebizitza batean bizi zen, baliabide ekonomikorik ez zuelako.

EITBk galdetutako iturrien arabera, zentroan bazekiten emakumea arrisku berezikoa zela, eta larunbat goizean jakinarazi zion Ertzaintzari emakumeak etxetik ateratzeko asmoa zeukala, arratsaldeko hiruretan. Ordu horretan, EITBk baieztatu duenez, uniformedun patruila bat etxebizitza kanpoan izan zen, baina emakumea azkenean ez zen irten.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko, eta bilaketa-agindua eman du. Epaileak urriaren hasieran ezarri zion urruntze-agindua ustezko erasotzaileari. Ezin zen ez biktimarengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu ezta harekin harremanik izan ere, iturri judizialen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak