Ekonomia -
Lan istripua
Langile bat hil da Abadiñoko enpresa batean deskarga elektrikoa jasota
Hildakoa Urtzi Abanzabalegi eibartarra da, errugbi jokalari ohia. 09:50ean gertatu da istripua, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Suhiltzaileak eta Osakidetzako helikoptero bat lan ezbeharra jazo den lekura bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin behargina onik ateratzeko.
EITB MEDIA
Langile bat hil da astelehen goiz honetan Abadiñoko Traña-Matiena auzoko Pierburg S.A enpresan, deskarga elektrikoa jasota, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Hildakoa Urtzi Abanzabalegi da, eibartarra eta 46 urte zituena.
Electricidad Anboto enpresan egiten zuen behar biktimak, ELAk emandako informazioaren arabera. Sindikatuak salatu du 42 direla dagoeneko Hego Euskal Herrian aurten lanean ari zirela hil diren beharginak (horietako bederatzi, Bizkaian).
09:50ean gertatu da istripua. Hildakoaren lankideen deia jaso eta berehala, larrialdi zerbitzuetako osasun langileak ezbeharra gertatu den lekura bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin behargina onik ateratzeko.
Abanzabalegi oso ezaguna zen errugbiaren munduan, eta hainbat euskal taldetan jokatu izan du, hala nola Eibarren, Ordizian, Getxon eta Hendaian. Lehenengo taldean zuzendaritzako kide ere izan zen, eta talde horrek bere atsekabea agertu du ezbeharraren ondorioz, baita "besarkada indartsu eta maiteena" bidali ere zendutako kidearen senitarteko, hurbileko eta lagunei ere. Era berean, klubaren jarduera guztiak bertan behera utzi ditu gaur. "Egun tristea da gure klubarentzat, zein Euskal Herri osoko errugbi familia osoarentzat", nabarmendu du Eibar Rugby Taldeak bere Facebook orrialdean.