Gizartea -

EUSTAT

Ane, Laia eta June dira izen ohikoenak nesketan; Markel, Martin eta Julen, mutiletan

Ane da, 1996tik gaur arte, neska-izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena Euska Autonomia Erkidegoan, eta atzetik ditu Laia, June, Nahia, Malen eta Maddi. Mutil-izen gogokoena, berriz, Markel da, eta, ondoren, Martin, Julen, Oihan, Jon eta Aimar dira erabilienak.

Iturria: Eustat
Iturria: Eustat
Iturria: Eustat

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez da berria, baina beste behin berretsi du Eustatek. Ane da, 1996tik gaur arte, neska-izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena Euska Autonomia Erkidegoan, eta atzetik ditu Laia, June, Nahia, Malen eta Maddi. Mutil-izen gogokoena, berriz, Markel da, eta ondoren erabilienak dira Martin, Julen, Oihan, Jon eta Aimar.

2020-2022 artean jaiotakoen izenei buruz Eustatek emandako informazioaren arabera, Lea eta Libe sartu dira aurreneko 25 neska-izenen artean, eta Maialen eta Paula zerrendatik kanpo geratu dira. Mutil-izenei dagokienez, Ekhi, Telmo, Leo eta Adei sartu dira, eta Eneko, Hugo, Ekain eta Aner, berriz, irten.

EAEn bizi diren guraso atzerritar askok ere izen euskaldunak jartzen dizkiete seme-alabei. Hala, bi euskal izen daude atzerritar jatorriko herritarren bost neska-izen gogokoenen artean: Alaia (arabieraz ere badu esanahia) eta Nahia, bigarren eta bosgarren, hurrenez hurren.

Zerrendan lehena Sofia dago, greziar jatorrikoa; hirugarrena Sara, hebrear jatorrikoa; eta laugarrena Amira, arabiar jatorrikoa. Mutil-izenen artean, Julen dago hirugarren; lehena, berriz, Adam, hebrear izena da; bigarrena Mohamed, arabiar jatorrikoa; laugarren Mateo; eta bosgarren Amir.

Leire eta Mikel, gurasoen izenak

Leire, Maria eta Nerea dira amen izen ohikoenak, eta Mikel, Jon eta David aitenak. 2020-2022 aldiko 42.632 jaiotzetan, garai horretan ama izan ziren emakumeen artean 10 izen ohikoenak Leire, Maria, Nerea, Amaia, Laura, Ainhoa, Naiara, Ane, Ainara eta Cristina izan ziren.

Urte hauetan aita izan ziren gizonei dagokienez, gehien errepikatu ziren izenak Mikel, Jon, David, Aitor, Iker, Asier, Iñigo, Xabier, Javier eta Gorka izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak