Gizartea -
SEXU ERASOA
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, desgaitasuna duen emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta
Atzo epaitegian deklaratu ostean behin-behinean aske gelditu bada ere, hamabost egunean behin epaitegian agertu beharko du eta ezingo da biktimarengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu.
EITB Media
Ertzaintzak 55 urteko gizon bat atxilotu du aste honetan Gasteizen, desgaitasuna duen emakume bati irailean sexu erasoa egitea leporatuta. Sexu erasoaren ondoren, emakumea desagertu eta handik egun batzuetara Alemanian agertu zen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, emakumearen familiak desagerpena salatu zuen irailaren 2an, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen aurkitzen saiatzeko.
Salaketa jarri eta bost egunera, irailaren 7an, Schengen esparruko nazioarteko polizia-lankidetzarako protokoloei esker jakin zuten desagertutako pertsona hori Alemanian zegoela.
Senideak Alemaniara joan ziren desagertutako emakumearekin elkartzeko, eta urriaren 12an itzuli ziren Gasteizera.
Ertzaintzak ikertzen jarraitu zuen, pertsona hori zergatik desagertu zen argitzeko, eta jakin zuen emakumeak gizon bat ezagutu zuela desagertzeko bezperan. Ikerketaren arabera, ordutik emakumea Gasteizen egon zen aipatutako gizonarekin, eta gero bakarrik joan zen Alemaniaraino.
Geroztik, ustezko erasotzailearen bila aritu dira, eta, azkenean, Ertzaintzak joan den asteartean atxilotu zuen sexu erasoa leporatuta.
Aurrekariak dituen gizona behin-behinean aske dago, atzo epailearen aurretik igaro ondoren. Hala ere, epaileak kautelazko neurriak ezarri dizkio: hamabost egunean behin epaitegian agertu beharko du, eta ezingo da biktimarengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu.