Gizartea -
Gertakaria Nafarroan
68 urteko gizonezko bat hil da Olazagutiko usategi batetik erorita
Ezbeharra 08:30 aldera jazo da. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, 15 metroko altueran dagoen postutik behera jausi da gizona.
Agentziak | EITB Media
68 urteko gizonezko bat zendu da gaur Olazagutian (Nafarroa), Urkietako inguruan, 15 metroko altueran dagoen usategi batetik behera jausita, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
SOS Nafarroako larrialdiak kudeatzeko sisteman 08:34an jaso dute ezbeharraren berri. Altsasun guardian dagoen mediku taldea, bi anbulantzia, suhiltzaileak eta Foruzaingoaren hainbat patruila bertaratu dira, orduan. Dena dela, heldu direnerako, hilda zegoen gizona, eta haren heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin.
Gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, eta bertan egingo diote autopsia. Foruzaingoko Polizia Judizialaren Iruñeko brigada ari da gertatutakoa ikertzen.