Gizartea -
IRUÑEA
4 gizon atxilotu dituzte, tartean Espainiako Armadako 3 militar, Iruñean gazte bati jipoia ematea egotzita
Erasoa irailaren 29an gertatu zen, Iruñeko Alde Zaharreko dantzaleku baten kanpoaldean. Atxilotuak gaur igaroko dira epailearen aurretik. EH Bilduk gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko dizkio Espainiako Gobernuari Diputatuen Kongresuan.
EITB Media
Foruzaingoak lau gizon atxilotu ditu Iruñeko Alde Zaharreko diskoteka baten kanpoaldean gazte bati jipoia ematea leporatuta. Atxilotuetako hiru Espainiako Armadako militarrak dira.
Polizia iturriek baieztatu dutenez, atxilotuak gaur igaroko dira epailearen aurretik, lesio larriak eragitea egotzita.
Erasoa irailaren 29an gertatu zen, Burgoen plazan, eta biktimak salaketa jarri zuen Foruzaingoan. Salaketaren ondotik, ikerketa abiatu zuten gertaturikoa argitzeko, eta atzo atxilotu zituzten jipoiaren ustezko egileak. Jipoiaren ondorioz, biktimari ebakuntza egin behar izan zioten Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.
Azken asteetan, sare sozialetan bolo-bolo dabil jipoia jasotzen duen bideoa.
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak X sare sozialean iragarri duenez, gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko dizkiote Espainiako Gobernuari. "Kasu honek agerian uzten du Altsasuko gazteen aurkako zentzugabekeria eta muntaia", erantsi du koalizioko ordezkariak.