Gizartea -
ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA
Asensio ikertu egingo dute "ingurumenaren aurkako delitua" eta "dokumentuak faltsutzea" egotzita
Zubietako erraustegiaren kudeaketarekin lotuta, Ingurumen Fiskaltzak jarritako salaketa baten ondotik ari dira Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatua eta GHK erakundeko presidentea ikertzen. Bi delitu leporatzen dizkiote: "ingurumenaren aurkako delitua" eta "dokumentuak faltsutzea".
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatua eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea ikertu egingo dute Zubietako erraustegiaren kudeaketari lotuta, GuraSOS plataformak ohar bidez jakitera eman duenez.
Lorena Arozena Alonso ingurugiro gaietarako Gipuzkoako fiskalburuak aurkeztutako salaketa baten ondotik ireki du auzibidea Donostiako Instruzioko 5 zenbakidun Epaitegiak Asensioren kontra. "Ingurumenaren kontrako delitua" eta "dokumentuak faltsutzea" leporatzen dizkiote.
Fiskaltzaren idatziak GuraSOSek ekainaren 9an aurkeztutako beste batean du jatorria. Horren arabera, "Zubietako udal-hondakinen Balorazio Energetikorako Plantak hondakin arriskutsuak sortu zituen" iaz, horretarako baimenik ez bazuen ere. Salaketak dio "praktika hori (baimenik gabe hondakin arriskutsuak sortzea) ezkutatzeko", GHK erakundeak hondakin horiei "modu kontzientean" kode eta kontzeptu "okerrak" emanda sartu zituela "Ingurumena Zaintzeko Programaren Memorian".
Horrez gain, GHK kontsortzioak "hondakin horien zati bat Artaxoan egoitza duen eta nekazaritzako ongarrietarako konpostajean aritzen den Encofert Sansoain S.L. enpresara" igorri zituen, enpresa horrek "hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimenik ez" izanda ere.
Gauzak horrela, ekintzon atzean ingurugiroaren kontrako delitua eta dokumentuak faltsutzearena egon daitezkeela uste du Fiskaltzak.
Gipuzkoako diputatu nagusiorde lehena ez ezik, Nagore Peñalva Bengoa GHK erakundeko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira auzi honetan.
Halaber, akusazio publikoak ez du baztertu ikerketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzara zabaltzea, "hondakinen lekualdaketa oro instantzia horren kontrolpean" egiten dela iritzita. Nolanahi ere, harik eta "polizia-ikerketa egin arte", Fiskaltzak uste du "goizegi" dela oraindik "sailburuordetza horretako kideen aurkako kriminalitate zantzuak daudela esatea".
GuraSOS plataformak prozesu honetan herri-akusazio gisa aurkeztea eskatu du, eta eskari horren ebazpen judizialaren zain dago.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko Departamentuak ziurtatu du komunikabideen bidez izan duela albistearen berri, eta "erabateko lasaitasuna" agertu nahi duela gaiaren aurrean.