Gizartea -
Araba
Atxilotu bat Gasteizen, Alaves eta Betiseko jarraitzaileen arteko liskarretan
Bi taldeetako zaleek borroka handia izan dute Gasteizko taberna batean, eta kalte material handiak eragin dituzte. Hainbat lagun zauritu dira, eta agenteei aurre egiteagatik pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak.
T.S.J.B. | EITB MEDIA
Pertsona bat atxilotu dute igande honetan Gasteizen, Alaves eta Real Betis futbol taldeko zaleen artean izandako istiluetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Bi taldeen arteko partida izango da gaur arratsaldean Mendizorrotzan.
11:40ak aldera, Alaveseko eta Betiseko zehaztu gabeko jarraitzaile kopuru batek borroka handia izan dute Abendaño zonaldeko taberna batean, lehenik barruan eta jarraian, tabernako terrazan. Kalte materialak handiak dira, tabernako aulkiak eta mahaiak elkarri bota dituztelako.
Borroka sakabanatzeko, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku hartu behar izan dute. Hainbat lagun zauritu dira, eta Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du, agente bati aurre egin izana leporatuta. Gainera, zenbait arma ere konfiskatu dizkiete (tartean, labanak eta makilak), eta parte-hartzaileak identifikatzen jarraitzen dute oraindik.
Gaitzespena
"Gertatukoa eta indarkeria mota guztiak irmo gaitzetsi" ditu Alavasek ohar baten bidez. "Jarrera horiek ez dute futbolarekin zerikusirik. Indarkeriak ez du gure gizartean lekurik, are gutxiago futbolean, eta klubak jarrera horiek errefusatzen ditu kirolaren baloreak ordezkatzen ez dituztelako", gaineratu du.