Gizartea -
Migrazioa
1.200 migratzailetik gora heldu dira Kanarietara bi egunean
Ostiralean, 13 itsasontzi iritsi ziren artxipelagora, 1.000 pertsona baino gehiagorekin, eta larunbatean 264 erreskatatu dituzte Espainiako kostaldetik gertu.
Agentziak | EITB Media
1.200 migratzailetik gora iritsi dira Kanariar Uharteetara ostirala eta larunbata bitartean. Ostiralean, Kanarietan 1.000 pertsona baino gehiago heldu ziren, 13 itsasontzitan. Larunbatean, Itsas Salbamenduak 264 pertsona erreskatatu ditu.
Ontzi gehienak Hierrora iritsi ziren, eta besteak Tenerife hegoaldera eta Fuerteventura ekialdera bidean zeuden.
Kanarietako uharterik mendebaldekoenera iritsi ziren 500 migratzaile inguru Tenerifera eraman zituzten, eta horrek uharte nagusiko harrera zentroetan lekurik ez egotea eragin zuen. Dozenaka lagunek gaua Tenerifeko Los Cristianos portuko kaian igaro dute.
Aurreikusten dutenez, larunbatean Hierrora iritsitako beste 500 pertsona Kanarietako beste uharte batzuetara eramango dituzte.