Gizartea -

Erreskateak

Mendian galdutako hiru pertsona erreskatatu dituzte goizaldean Nafarroan

Foru erkidegoko larrialdi zerbitzuek Lizarragan (Ergoiena), Izaban eta Otiñanon (Torralba del Rio) lan egin dute ostiral gauean eta larunbat goizaldean.

Suhiltzaileak, lanean Otiñanon. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Suhiltzaileak, lanean Otiñanon.
Suhiltzaileak, lanean Otiñanon. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdi zerbitzuek galdutako hiru pertsona erreskatatu dituzte Lizarragan (Ergoiena), Izaban eta Ontiñanon (Torralba del Rio), Nafarroan, ostiral gauean eta larunbat goizaldean.

Galdutako lehen pertsona 71 urteko gizon bat zen. Ostiral goizean Lizarraga inguruan bizikleta elektrikoz ibiltzera irten zen eta ez zen itzuli. SOS Nafarroak 19:19an jaso zuen abisua, eta Foruzaingoak onik aurkitu zuen 21:50ean, Dulantz mendiko pista batean.

Bigarren bilaketa 21:58an hasi zen, Pirinio Atlantikoetako suhiltzaileek Izaba inguruan noraezean eta janaririk gabe zegoen mendizale baten deia jaso ondoren. Nabaskozeko suhiltzaileek aurkitu dute 58 urteko mendizalea, 2:44an, Larrako eski-pistetan.

Hirugarren bilaketa 22:24an hasi zen, Otiñano inguruan perretxikoak biltzera atera zen gizon bat desagertu ostean. Lizarrako Parkeko eta Erreskate Teknikoko Taldeko suhiltzaileek, Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren patruilek, kamera infragorriak dituzten droneek, Salbamenduko Txakurren Taldeak, anbulantzia batek eta inguruko guardiako mediku-taldeak parte hartu dute. 69 urteko gizona 5:53an topatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak Erreskateak mendian