Gizartea -
Sexu-erasoa eta hertsapena
Rubialesek Vilda inplikatu du: "Esan zidan Jenniren nebarekin hitz egin zuela, zentzuzko tipoa delako"
RFEFko presidente ohiak irailaren 15ean deklaratu zuen Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, sexu-eraso eta hertsapen delituak egotzita. Haren deklarazioaren zati bat argitara eman dute gaur.
Agentziak | EITB Media
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohiak epailearen aurrean adierazi zuenez, Jorge Vilda hautatzaile ohiak erabaki zuen Jenni Hermosoren nebarengana jotzea, Australiako Munduko Txapelketako musuaren eskandaluaren ostean berarekin hitz egiteko, "zentzuzko tipoa delako".
"Nik ez nekien neba hegazkinean zetorrela ere. Gero jakin nuen nire atzean eserita zetorren Jorge Vildak esan zidalako: Jenniren nebarekin hitz egitetik nator, zentzuzko tipoa baita, eta bere arrebarekin hitz egingo du", esan zuen Rubialesek irailaren 15ean, Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean.
El Español egunkariak partzialki argitaratutako deklarazioan, Rubialesek gezurretan aritzea leporatu zion Jenni Hermosori, eta musua "anekdotatzat" jo zuen. Berak inoiz ez zuela publikoki justifikatzeko presionatu azpimarratu zuen Espainiako futbolaren buruzagi ohiak.
Rubialesek gertakari hura garaipenaren ospakizunean kokatu zuen: "Loteria tokatzen zaizunean bezala da, Ukrainako gerra amaitzen denean edo Munduko Txapelketa irabazten denean bezala". Bestalde, "Federazioak, Presidentzia Kabinetekoak, Komunikaziokoak" publikoki gertatutakoa azaltzea eta Jenni Hermosorekin batera agertzea aholkatu zioten, horren hitzetan.
RFEFko presidente ohiak azpimarratu zuenez, Jenniri azalpenak ematera ateratzea eskatu zion ("Honekin amaituko dugu, kalte handia egingo dit honek", esan zion), baina jokalariak uko egin zion. "Esan nion: Aizu! Nire alabak hemen daude, sufritzen ari dira. Honekin amaitu dezakegu", nabarmendu zuen Rubialesek.
Horren arabera, "guztiz ezohiko ospakizuna" izan zen, musua eman aurretik Jenniri galdetu zion eta haren "baimena" jaso zuen: "Lehenago galdetu banion, nola ez dut bada errespetatuko. Berak saihetsean bi kolpetxo eman zizkidan, eta alde egin zuen barrezka".