Gizartea -

Eskola Publikoaz Harro

Hezkuntza Lege-proiektuaren aurkako manifestazioa deitu dute urriaren 29rako Donostian

Protesta Boulevarretik abiatuko da 12:30ean, "Euskal eskola publikoaren alde, hezkuntza lege honi ez" lelopean.

Ekaineko protesta bat. Artxiboko irudia: EITB
Ekaineko protesta bat. Artxiboko irudia: EITB
Ekaineko protesta bat. Artxiboko irudia: EITB

E. Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Hezkuntza Lege-proiektuaren aurkako manifestazioa deitu du urriaren 29rako Donostian, 12:30ean. Protesta Boulevarretik abiatuko da, "Euskal eskola publikoaren alde, hezkuntza lege honi ez" lelopean.

Gasteizen egindako agerraldian, kolektiboak Hezkuntza Lege-proiektuaren aurrean "erabateko aurkako jarrera" agertu du. Horren harian, 2022-2023 ikasturtean, ekainean, besteak beste, Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan egindako "manifestazio jendetsuak" gogoratu dituzte, Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzeko eta "lege honek dakartzan kalteak salatzeko".

Kolektiboaren arabera, lege-proiektuak "sistema publiko-pribatu duala eta ezohikoa betikotu egiten du". "Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa delako eufemismo tranpati eta interesatuaren bidez, titularitate publikoko eta pribatuko ikastetxeak berdindu nahi ditu, nahiz eta denok jakin guztiz ezberdinak direla", salatu du.

Deitzaileen hitzetan, proiektuak %100eko finantzazioa emango die ikastetxe pribatuei "trukean inolako baldintzarik eskatu gabe". "% 100eko finantzazioa nahi duen ikastetxea publifikatu egin behar da", esan dute.

Bestalde, kolektiboaren ahotan, egitasmoak "ez du eskola publikoa lehenesten". "Eskola publikoa protagonista izan behar dela jasotzen den arren, protagonismo hori ez da ezertan gauzatzen artikulatu osoan", kritikatu dute.

Gainera, uste dute ez diela bermatzen ikasle guztiei euskararen erabilera eta ezagutza. "Egungo hizkuntza-ereduek indarrean jarraitzen dute, ez dago ikastetxe guztientzako marko komuna ikasle guztiei euskararen ezagutza bermatzeko eta murgiltze-eredua eskaintzen ez duten ikastetxeek eta euskalduntzea sustatzen ez dutenek itunak (diru publikoa) jasotzen jarraituko dute", salatu dute.

Azkenik, segregazioari aurre egiteko neurri eraginkorrik ez dagoela uste dute. "Arazo larria onartzen den arren, berau konpontzeko orain arteko neurriek oso eragin txikia izango dute, eta, ituntze unibertsala mantentzen duen heinean, segregazioa betikotuko du", ondorioztatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Hezkuntza legea Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Manifestazioak