Gizartea -
Ezohiko beroa
EAEko 40 estaziok baino gehiagok hautsi zuten astelehenean urriko tenperatura maximoaren marka
Gautegiz Arteagan (Bizkaia) neurtu zuten beroena: 37,7 °C. Gaur, ordea, haizearen atzo arratsaldean kostaldetik sartu zen enbataren ostean, tenperatura freskoagoa izango da. Gainera, euria egingo du ipar partean.
EITB Media
Atzo, astelehena, Euskal Autonomia Erkidegoko 40 estaziok baino gehiagok hautsi zuten urriko tenperatura maximoaren marka, ia guztiak Kantauri isurialdean, Euskalmetek jakinarazi duenez.
Hala, Arteagako (Bizkaia) estazio meteorologikoan 37,7 gradu neurtu ziren, aurreko errekorra 33,1 gradukoa izan zenean, 2011n. Santa Klara uhartean (Donostia, Gipuzkoa) 32,9 gradura iritsi ziren, marka 30,6 gradutan zegoenean (2012).
Gainera, Galea lurmuturrean (Getxo, Bizkaia), merkurioak 34,6 gradu harrapatu zituen, 2001ean izandako 31,8ko muga gaindituz. Halaber, Mungian (Bizkaia) 2001eko 33,2 graduak gainditu ziren, 35,8 graduko markarekin. Azkenik, Zugaztietako termometroak 2011ko errekorra (29,9 gradu) txikitu zuen, 34,9 gradura iritsi ondoren.
Gaur, ordea, haizearen norabide aldaketarekin eta atzo arratsaldean kostaldean sartu zen enbataren ostean, tenperatura altuak atzean utziko ditugu eta maximoak 20-23 ºC artekoak izango dira, Nafarroako hegoaldean izan ezik, han zertxobait gehiago igoko dira.
Hodeitza ugaria izango da, batez ere kantauri isurialdean non euri langar pixka bat egingo duen. Iparraldeko haizea ibiliko da eta goizean ipar-mendebaldekoa nagusituko da.