Gizartea -

1. Mandela Eguna

ETAk hildako espetxe-funtzionarioak omendu ditu lehendakariak, I. Mandela Egunean

Donostiako Tabakalera zentroan 16:00etatik aurrera egingo den ekitaldian, espetxe-bizitzari buruzko hainbat bideo ikusiko dira, 1997an ETAk hildako Francisco Javier Gomez Elosegui funtzionarioaren irudia gogorarazteko egindakoa tartean.

Gomez Elosegui sariaren entrega, I. Mandela Egunea. EFE
Gomez Elosegui sariaren entrega, I. Mandela Egunea. EFE
Gomez Elosegui sariaren entrega, I. Mandela Egunea. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz ospatu du gaur Mandela Eguna, eta ETAk hildako funtzionarioak eta indarkeria garaian euskal espetxeetanlan egin zuten pertsonak omentzeko baliatu du hitzordua.

Gainera, Arrats elkarteari espetxeetako jardunbide egokien Gomez Elosegui saria entregatu diote. 1999an sortu zuten Martuteneko kartzelako preso ohiek elkartea, eta preso daudenak birgizarteratzeko lanean ari dira ordutik. 24 urteotako ibilbidean "zigortuen bizi-baldintzak duintzeko egindako ahalegina" saritu zaio Arrats elkarteari.

Mandela Egunaren harira egin duen hitzaldian, Urkullu lehendakariak bere gertutasuna eta aintzatespena adierazi die espetxe funtzionario guztiei, eta, bereziki, "terrorismoaren urteetan euskal espetxeetan lan egin zuten pertsonei". 

Ekitaldi berean gogoratu du  atzo bi urte bete zirela Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik. Horren esanetan, autogobernua ongizaterako tresna da, eta "hezkuntza eta birgizarteratzea zenbat eta integratuago egon zigortutako pertsonaren ingurunean, hainbat eta hobe", esan du. 

Bestalde, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak espetxe kudeaketari buruzko kritikei erantzunez, honako hau esan du: "Bagenekien ez zela erraza izango, baina gertuko kudeaketak emaitzak ematen ditu". Halaber, azpimarratu du ez dela ahots katastrofikoek iragartzen zuten kaosik gertatu. Bestalde, espetxeetako langileei eskerrak eman dizkie: "Zuen bizitza jarri zenuten jokoan. Bidegabea izan zen, eta horrela aitortu behar da".

Gomez Elosegui saria

Hain zuzen ere, Arrats elkarteak kudeatzen du Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan ireki duen lehen eguneko zentroa. Askatasunik gabeko pertsonei zuzenduta dago, eta bertan erregimen erdi irekitik gizarteratzeko laguntza ematen zaie. 

Gomez Elosegui saria espetxeetako jardunbide egokiengatik nabarmentzen diren pertsonei eta/edo erakundeei ematen zaie. Saria Kriminologiaren Euskal Institutuak sortu zuen duela hiru urte, Francisco Javier Gomez Elosegui lankidearen oroimenez. Gomez Elosegui Gipuzkoako Espetxeko irakaslea eta psikologoa zen, eta 1997ko martxoaren 11n hil zuen ETAk.

Orain arte, hauek izan dira sari horrekin nabarmendu dituzten elkarteak: Loiolaetxea Elkartea (2020); ADAP Presoen Laguntzarako Elkartea (2021) eta Bidesari Elkartea (2022).

Bazterketa egoeran dauden preso ohientzako gizarteratze pisuak eskaintzen ditu Arratsek
Bazterketa egoeran dauden preso ohientzako gizarteratze pisuak eskaintzen ditu Arratsek
Bazterketa egoeran dauden preso ohientzako gizarteratze pisuak eskaintzen ditu Arratsek

1:41

Espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik ematen du Eusko Jaurlaritzak Gomez Elosegui saria. Hala, Iñigo Urkullu lehendakariak berak eman die Arrats elkartekoei golardoa.

Bertan izan dira espetxe-bizitzarekin zerikusia duten estamentu guztietako ordezkariak. Hainbat bideoren bidez, espetxeetako eguneroko bizimodua azaldu dute. Sei bideo izan dira, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko ordezkariek parte hartu dute. Euskal espetxe-ereduari buruz hitz egin dute, edo euskal hirugarren gizarte-sektoreko erakundeei buruz. Proiekzioetan, halaber, hamar pertsona presoren gogoetak agertu dira, baita hiru funtzionario beteranorenak eta iritsi berri diren hiru funtzionariorenak ere.

Zalantzarik gabe, dokumenturik hunkigarrienetako bat Francisco Javier Gomez Eloseguiren figura gogoratu duen bideoa izan da. Haren anaia Joxemik, Mª Carmen alargunak eta espetxean berarekin lan egin zuten bi lagunek haren erradiografia egin dute.

Gomez Eloseguiren lankidea: ''Berak bazuen hilko zutenaren susmoa''
Gomez Eloseguiren lankidea: ''Berak bazuen hilko zutenaren susmoa''
Gomez Eloseguiren lankidea: ''Berak bazuen hilko zutenaren susmoa''

0:45

Sari banaketa lehen Mandela Egunean egin dute. Berez, uztailaren 18an ospatzen da, 2015ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori hautatu baitzuen, baina aurten, hauteskunde orokorrak tarteko, urriaren 2ra atzeratzea erabaki zuen Jaurlaritzak espetxeen kudeaketaren transferentziaren bigarren urteurrenarekin bat eginez.

Efemeridea helburu bikoitzarekin jaio zen: batetik, euskal espetxeetako funtzionarioen lana aitortzeko, eta, bestetik, askatasunik gabeko pertsonei tratu duina bermatzen dieten giza eskubideak defendatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Presoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Terrorismoaren Biktimak