Gizartea -
ANIMALIAK
Animalien babeserako legeak tratu txarrak ematea debekatzen du, baina oraingoz ez da txakurren ikastaroa behar
Legea indarrean dago gaurtik, nahiz eta erantzukizun zibileko asegurua eta txakur bat izateko prestakuntza ikastaroa ez diren oraindik beharrezkoak. Aitzitik, dagoeneko ezin dira txakurrak 24 orduz bakarrik utzi eta ezingo dira konpainiako animaliak hil, salbuespenak salbuespen.
O. A. | EITB Media
Gaurtik aurrera indarrean dago Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko Legea (aurrerantzean, Animalien Ongizaterako Legea) Espainiako Estatuan, nahiz eta arauaren alderdi nagusietako batzuk geroago aplikatuko diren. Esate baterako, txakurra izateko derrigorrezko ikastaroa, erantzukizun zibileko derrigorrezko asegurua eta baimenduta dauden konpainiako animalien zerrenda (Konpainia-animalien zerrenda positiboa) ez daude zehaztuta, eta erregelamendu bidez garatu beharko dira.
Edozein kasutan, gaurtik debekatuta dago txakurrak, katuak eta hudoak dendetako erakusleihoetan erakustea, eutanasia aplikatzea (justifikatuta eta albaitariak kontrolatuta egon behar du), arduradunak gainbegiratu gabe espazio publikoetan lotuta edukitzea edo hiru egunetik gora bakarrik uztea (24 ordu txakurren kasuan).
Legearen helburua da, besteak beste, animaliak babestea, tratu txarrik eta abandonurik ez egotea, eta adopzioa eta zaintza arduratsua bultzatzea. Adibidez, tratu txarrak emateagatik 200.000 eurorainoko arteko isunak ezarriko dira arau-hauste oso astunen kasuan.
Araudi honek aintzat hartzen dituen animalia guztiek "bizi baldintza duinak" izan beharko dituzte, beren ongizatea, eskubideak eta garapena bermatzeko. Zehazki, espezie bakoitzerako baldintzak zein diren erregelamendu bidez definituko dira.
Ezingo dira sufrimendua, antsietatea edo beldurra eragiten duten metodoak erabili hezteko, eta bereziki debekatuta egongo dira lepoko elektrikoak edo bulkadak eta ito larria eragiten dituztenak. Bizikidetza arazoak dituztenek, berriz, animalien portaera zuzentzeko espezialista batengana joan beharko dute.
Bestalde, debekatuta dago etxeko animaliak ibilgailuen barruan itxita uztea. Aldi berean, ezingo dira modu ohikoan terraza, balkoi, teilatu, trasteleku, soto, patio edo antzekoetan utzi.
Halaber, galdu edo lapurtuz gero, gehienez ere 48 orduko epean jakinarazi beharko zaie agintariei.
Tratu txarrak ematea edo animaliak abandonatzea ere guztiz debekatuta dago.
Jabeek maskotak identifikatu eta bereizi gabe ugaltzea saihestuko dute. Kumeak izan nahi dituztenek Konpainiako Animalia Hazleen Erregistroan izena eman beharko dute; hori egin ezean, erregistratutako pertsona bati erosi beharko dizkiote.
Legeak epe batzuk ezartzen ditu "kaltetuek" egokitzeko denbora izan dezaten. Esaterako, araudiaren arabera, aurrerantzean Konpainiako Animalia Hazleen Erregistroan izena emandakoek soilik saldu ahalko dituzte txakurrak, katuak edo hudoak. Aitzitik, animalia dendek urtebeteko epea izango dute egokitzeko eta bien bitartean saltzen jarraitu ahalko dute.
Zirkuetan edo animalia basatiak (itxian hazitakoak) erabiltzen dituzten ikuskizunetan sei hilabeteko tartea izango dute beren jarduera moldatzeko eta agintariei jakinarazteko zenbat eta zer espezie dituzten.
Katuak
Katuek kirurgikoki esterilizatuta eta mikrotxip bidez identifikatuta egon beharko dute, horiek sei hilabete bete baino lehen. Salbuetsita egongo dira ugalketarako erregistroan izena emanda daudenak.
Legeak katuen koloniak ere aipatzen ditu eta udaletxeek kudeatuko dituzte kalean libre bizi direnak.
Horrez gain, animalien babeserako zentro publikoek bertara iristen diren txakurrak, katuak eta hudoak antzutu beharko dituzte.
Lege honetatik kanpo gelditzen dira Armadako animaliak (Legioko ahuntza, kasu) eta Gabonetako jaiotzak (lanerako animalia gisa ulertuta).
Hasierako asmoa arraza arriskutsuen kontzeptua desagertzea bazen ere, azkenean kanpoan gelditu da. Hortaz, txakur arriskutsuen erregimena bere horretan geldituko da eta aurrerantzean ere zortzi izango dira.
Lege honen beste berrikuntzetako bat da txakur bat eduki nahi duen orok derrigorrezko ikastaro bat egin beharko duela. Gainditzen duenak bizitza osoan izango du maskotak izateko baimena.
Ez da aldaketa bakarra izango, jabeek aseguru bat kontratatu beharko baitute, autoekin gertatzen den bezala. Erantzukizun zibileko aseguru hori, ordea, ez da hain berria izango EAEko biztanleentzat, bertan dagoeneko derrigorrezkoa baita. Normalean, etxeko aseguruarekin batera dator, baina aparte ere kontratatu daiteke.
Bestalde, konpainiako animalia izan daitezkeen espezieen zerrenda bat sortuko da.