Gizartea -

HIZKUNTZEN EUROPAKO EGUNA

Zupiriak "euskararen ofizialtasuna" eskatu du "gero eta eleanitzagoa den Europan"

Europako hizkuntza gutxituei Bruselan gaur egin dieten omenaldian hartu du parte Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Ekitaldian, Resurreccion Maria de Azkueren Diccionario Vasco-Español-France/Dictionnaire basque-espagnol-français hiztegia utzi du Zupiriak Europako Historiaren Etxean.

Bingen Zupiria, gaur, Bruselan. Argazkia: Irekia
Bingen Zupiria, gaur, Bruselan
Bingen Zupiria, gaur, Bruselan. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hizkuntza gutxituei eta hiztun komunitate horiei aitortza egiteko ekitaldi berezia egin dute gaur Bruselan, Hizkuntzen Europako Eguna dela eta. Hizkuntza gutxitu desberdinetako ordezkariek hartu dute parte, tartean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza sailburuak. Euskara Europan hizkuntza ofiziala izatea dela aldarrikatu du, besteak beste. "Europak berezkoa duen aniztasunaren parte gara. Aniztasun horren adibide, eredu eta erakusle gara. Europar eta Europazale sutsuak gara, eta gure hizkuntza Europako beste hizkuntzen parera ekarri nahi genuke", esan du.

Eskaini duen hitzaldian, sailburuak nabarmendu du "mundu globalizatu honetan" euskara bezalako hizkuntza txikiak "desagertzera kondenatuta" daudela. Horren aurrean, "gure belaunaldiaren erronka aniztasuna babestea" dela esan du. Bere hitzetan, "euskararen alde egindako ibilbide historikoak erakutsi du aniztasunean aurrera egitea dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko biderik eraginkorrena".

Bestalde, ekitaldian hizkuntza gutxituen hiztegiak Europako Historiaren Etxean entregatu dituzte bertan bildu diren ordezkariek, eta Zupiriak Resurreccion Maria de Azkueren zkueren Diccionario Vasco-Español-France/Dictionnaire basque-espagnol-français hiztegia utzi du. Esker ona adierazteaz gainera, harro eta hunkituta agertu da Europako erakundeetan gaurtik "euskarak leku bat izango duelako, euskal hiztegi bat hemen jaso eta erakutsiko delako. Europaren bihotzean, eta mundura zabalik". 

Bingen Zupiria: ''Gaurkoa egun egokia da esateko gure hizkuntza Europan ere ofizial izatea nahi dugula''
Bingen Zupiria: ''Gaurkoa egun egokia da esateko gure hizkuntza Europan ere ofizial izatea nahi dugula''
Bingen Zupiria: ''Gaurkoa egun egokia da esateko gure hizkuntza Europan ere ofizial izatea nahi dugula''

1:33

Trebezia linguistikoak

Gaur, irailak 26, Hizkuntzen Europako Eguna ospatuko da trebezia linguistikoak herritar guztien beharrizan eta eskubide bat direla nabarmentzeko. 2001az geroztik, herritarren artean egun honetan zabaldu nahi izan den mezuetako bat da aipatutakoa.

Europa aberatsa da, hizkuntzei dagokienez —200dik gora daude—. Bertan, beste kontinente batzuetatik iritsitako familiak erabiltzen dituzten hizkuntzak ere entzuten dira.

Egun honek dituen helburu nagusien artean daude aniztasun linguistikoaren aberastasunaz kontzientziatzea, berori "zaindu eta babestu" behar delako. Halaber, gaurko ospakizunak xede du ikasten diren hizkuntzen aukera handitzea, alegia, eleaniztasunari bultzada ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Eusko Jaurlaritza albisteak Brusela Europa Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak