Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Bildarratz, eskola garraioaren lizitazioaz: "Aholkularitza dena lizitatuta zegoenean kontratatu genuen"

Hezkuntza sailburuak iragarri du jada eskatu duela Legebiltzarreko agerraldia, eta lizitazioa "gardena" izan zela berretsi. Aitortu duenez, "apur bat harrituta" dago Gipuzkoako ibilbideen zati bat Sailak kontratatutako aholkulari baten enpresa bati esleitu izanak sortu dituen zalantzengatik.

Bildarratz, elkarrizketaren une batean. EITB MEDIA
Bildarratz, elkarrizketaren une batean.
Bildarratz, elkarrizketaren une batean. EITB MEDIA

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua "harrituta" agertu da Gipuzkoako eskola garraioaren hainbat ibilbide Sailak kontratatutako aholkulari baten enpresa bati esleitu izanak sortu dituen zalantzengatik. Zehaztu duenez, Cuatrecasas abokatuen bulegoa abuztuan kontratatu zuten, "behin lizitazio guztia eginda zegoenean".  

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan izan da gaur Bildarratz, eta bertan eman ditu azalpenak sortutako polemikaren inguruan. Argibideok Eusko Legebiltzarrean ere emango dituela nabarmendu du, eta agerraldi eskaera gaur bertan egin duela erantsi. 

Sailburuaren hitzetan, lizitazio prozesua "garbia eta gardena" izan zen, eta ez zen irregulartasunik izan. Azaldu duenez, eskola garraioko 477 ibilbideetatik gehienak hutsik zirela ikusita, uztaila amaieran zerbitzua aurreko ikasturteko baldintza beretan ematea proposatu zitzaien enpresei, eta gehienek uko egin zioten. Gerora aholkulari moduan kontratatu zuten abokatuaren enpresa 30 lineatan aritzeko aurkeztu zen, eta 15 esleitu zizkioten, horietatik 12tan bera izan zen lehian zegoen enpresa bakarra. "Azal diezadatela zertan izan zuen mesede enpresa horrek. Ibilbide guztien % 3,2 baino ez da, eta esleitu zitzaizkion 15 ibilbideetatik 12tan bera bakarrik aurkeztu zen lehiaketara", zehaztu du. 

Abokatu bulegoaren kontratazioari dagokionez, argitu du Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak bere analisia egin zuela, baina azaldu du sailburu gisa arduratuta zegoela "zerbitzua bermatzeko moduaz" eta horregatik kontratatu zuela aholkularitza. Azpimarratu duenez, abokatuak berak jakinarazi zion Gipuzkoan garraio enpresa zuela, baina ez zegoela "inolako bateraezintasunik, eskatzen genionak ez zuelako lehiaketarekin eta bere enpresarekin zerikusirik". 

Hezkuntza legea hizpide, Legebiltzarrak onartuko duela "ziur" azaldu da Bildarratz, eta "ahalik eta babes gehienarekin" egitea espero duela. 

Azkenik, urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deituta dauden greben harira, uste du "bidegabeak" direla, Hezkuntzaren alorrean "bi aldiz bidegabeak". Batetik, salatu du sindikatuek "Madrilen erabakitzen den auzia euskal gizarteari" bideratu diotela, "jakin badakitenean guk hemen ezin dugula ezertxo ere egin". Bestetik,  kritikatu du auzi hori "ikasgeletara eramatea, bi eskola egun galduta eta familiei arazoak sortuta". "Uste dut sindikatuek berriz pentsatu beharko luketela", gaineratu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Grebak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak