Gizartea -
IKASTURTE HASIERAKO EKITALDIA
Euskararen ofizialtasuna eta Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dituzte ikastolek
2023-24 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin du Ikastolen Elkarteak Vianan. "Hezkuntza Marko Orokor berria" estreinatuko dutela ere iragarri du Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak.
E. JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Ikastolen Elkarteak 2023-24 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin du gaur Vianan, Nafarroan. Ikastolek euskararen zabalkunde eta biziraupenaren alde egindako lana aldarrikatu du Nekane Artola Ikastolen Elkarteako lehendakari berriak, kargua estreinatu duenetik egin duen lehen hitzaldian. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du Euskal Herri osorako eta Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio bat ere bai.
Gogorarazi du Vianan, Nafarroako Erribera guztian bezala, euskara ez dela ofiziala baina azken 50 urteetan inguruko umeek euskaraz ikasteko aukera izan dutela "hainbat familiaren kemen eta indarrari esker, Erentzun ikastolan. Eta Vianan eta Erriberan bezala, Euskal Herri osoan, ikastoloi esker".
Azken hamarkadetan euskararen normalizazioan egin diren urrats nabarmenenak "hezkuntzatik egindako ekarpenetik etorri" direla nabarmendu du eta bide horretan sakonduz , ikasturte honetan "euskal hezkuntza sistema hobeago eta aurrerakoiago bat osatzeko lan" egingo dutela adierazi du.
"Ikasturte mugitua izango dugu abiatu berri duguna. Hezkuntza eremuan aldaketa ugari ematen ari dira eta erabaki garrantzitsuak egongo dira jokoan" hausnartu du Artolak, mahai gainean dagoen Hezkuntza Lege berriari erreferentzia eginez.
"Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dut lehenago; hezkuntza sistema propioa, erantsi nahi dut orain", esan du Artolak bere hitzaldian. "Helburu hori erdiesteko Euskal Autonomia Erkidegoan onartzear den hezkuntza lege berria tresna moduan ulertzen dugu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza sistema osoa arautuko duen legea izanik, ahalik eta lege hoberena onartu dadin lanean aritu gara azken bi urte hauetan. Lege aurreproiektua balekoa dela esan dugu, aurreko zirriborrotik hobekuntzak jasotzen dituelako baina, era berean, gabeziak ere ikusi dizkiogulako. Gabezia hauek estaltze aldera, hainbat zuzenketa proposatu dizkiegu alderdiei. Jakin badakigu, hala adierazi dutelako, hobekuntzak eta zuzenketak erregistratuko dituztela, Legebiltzarreko eztabaidarako. Gure aldetik dei bat Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdiei: ausardiaz joka ezazue. Ezin da ez txikira ez ertainera jokatu; handira jokatu beharra dago. Legea eztabaidatzen den bitartean, eta baita legea onartu eta gero ere. Hezkuntza eragileen ekarpenak kontuan hartu eta legea onartuta, lege horren garapenean eragileon parte-hartze aktibo eta zuzena ahalbidetzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari".
Hezkuntza Marko Orokor berria abiarazi dute ikastolek ikasturtearekin batera
Gaurko ekitaldia iragarpen bat egiteko ere probestu du Artolak. Hala, ikasturea hastearekin batera, "hezkuntza marko orokor berria" abian jarri dutela azaldu du, "pertsonan zentratutako hezkuntzara salto eginez". Azken urteotan ikusi eta ikasitakoarekin, egungo testuinguruaroi eta errealitateari erantzuteko proposamena da marko orokor berri hori: "Hezkuntza Marko Orokorrak ikastolentzako zoru komuna izan nahi du, ikuspegi pedagogiko komun bat ikastola guztientzat, gerora, ikastola bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta bere errealitatera egokituta berea garatu dezan. Orain hasiko dugu Marko Orokorraren zabalkundea eta ezarpena, eta horrek eskatuko digu aldaketa sakon batzuk egitea hainbat alorretan" azaldu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.
Azkenik, 2014ko udan VII. Batzarra egingo dutela ere iragarri du. "Ikastolen mugimendua osatzen dugunok gogoeta egin behar dugu XXI. mende honen hirugarren hamarkadako euskal gizartearen eskariez, eta haiei erantzuna ematen saiatu behar dugu; hots, ikastolen mugimenduak Euskal Herriko gizarteari egin behar dion ekarpena erabaki behar dugu. Eta eskainiko dugun hori orain arte bezala, ez da ikastolei zuzendutakoa bakarrik izango, oro har, gizarteari egingo diogu ekarpena, gure izaeraren oinarri diren ezaugarrietan ardaztuta. Guzti honetaz arituko gara ikasturte honetan, VII. Batzarrarekin bukatuko den hausnarketa eta eztabaida prozesuan" adierazi du.