Gizartea -
Futbola
Bi gizonezko atxilotu dituzte Osasunako eta Sevillako jarraitzaileen arteko liskarretan, Iruñean
Zaragoza etorbidetik gertu, Sadar estadioaren inguruan, badirudi Indar Gorriko eta Biris Norteko kideek hitzordua zutela aurrez aurrekoa izateko.
agentziak | eitb media
Espainiako Poliziak bi gizonezko atxilotu ditu Osasunako eta Sevillako jarraitzaileek Iruñean izan dituzten enfrentamenduetan, lehergailuak eta gailu sukoiak edukitzea leporatuta.
Material piroteknikoa, makilak eta petardo bat itsatsita zuen spray bat atzeman dituzte ibilgailu batean, eta bertan zihoazen bi lagunak dira atxilotuak. Poliziak jakinarazi du etxean egindako lehergailu horrek zauri larriak eragin ditzakeela.
Gainera, Zaragoza etorbidearen inguruan lehertuta zegoen beste lehergailu bat eta lehertu gabeko beste bat aurkitu dituzte. Osasunako Indar Gorri eta Sevillako Biris Norte jarraitzaile taldeek aurrez aurrekoa izateko hitzordua zuten hor inguruan, eta enfrentamendu horien baitan izan dira atxiloketak.
Agenteek liskarrak hasi eta berehala esku hartu dute, eta Sevillatik iritsitako 70 bat lagun identifikatu dituzte.
Normaltasunera itzuli eta Sevillako zaleak identifikatu ostean, Kirol Legeari jarriki eta istiluak eragozteko asmoz, Poliziak Iruñetik kanpora eraman ditu identifikatuak, eta Sadarren sartzeko sarrerak kendu dizkie.