Gizartea -

Klima aldaketa

XXI. mendeko urterik beroena eta lehorrena izan zen iazkoa Gipuzkoan

% 20 eguzki ordu gehiago izan ziren. Prezipitazioa, aldiz, % 20 gutxitu zen, 1981-2010 denboraldiarekin alderatuta. Goierrin egin zuen euri gutxien.

Bikote bat hondartzatik paseoan, Donostian. Argazkia: EFE
Bikote bat hondartzatik paseoan, Donostian
Bikote bat hondartzatik paseoan, Donostian. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazkoa urte oso beroa izan zen Gipuzkoan, non, batez beste, tenperatura 1981-2010 denboraldian baino gradu bat beroagoa izan zen. Gainera, hainbat herritan sekula izan diren tenperatua altuenak neurtu zituzten, eta % 20 eguzki ordu gehiago egon ziren.

Prezipitazioa, aldiz, % 20 gutxitu zen. Goierrin egin zuen euri gutxien 2022an.

Datuotan oinarrituta, Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok esan du beharrezkoa dela "epe labur, ertain eta luzean ditugun baliabide hidrikoen argazkia egitea, aldiro, modu jasangarrian, ur gezaren erabilera bermatuta izan dezagun".

"Gure etorkizuna eta osasuna daude jokoan, ingurumena eta gure gizartearen ekonomia. Orain da handinahi eta erantzukizun klimatikoa pizteko unea. Datuek hemen eta orain gertatzen ari dena erakusten dute, eta gizarte jasangarriago bat eraikitzeko bidean bultzada ematen digute", erantsi du.

Asensio eta Naturklimako zuzendari David Zabalak fundazio horrek egindako laugarren txostena aurkeztu dute gaur, ostegunarekin.

2022ko gorabeherak

2022. urtea oso beroa izan zen Gipuzkoan. Urteko batez besteko tenperatura 14,5 gradukoa izan zen.

Urteko urtaro denetan egin zuen gora tenperaturak, baina batez ere abendua izan zen ohi baino beroagoa. Hilabete horretako zenbait egunetan 20 graduak gainditu zituzten termometroek. Udaberria ere oso beroa izan zen, bereziki maiatza. Orduan, 30 gradutik gorako tenperatura neurtu zuten toki askotan. Udak ere beroa izan zuen protagonista, muturreko tenperaturekin egun askotan. Maximoa Arrasateko estazioak neurtu zuen: 42,8 gradu. Udazkena lurralde osoan izan zen beroa. Nabarmentzekoa da urria ohi baino 4 gradu beroagoa izan zela.

Bestalde, txostenak erakusten du gau tropikalen eta egun beroen kopurua haziz doala.

2022ko tenperatura altuenak

Ur masen, erreken, urtegien eta akuiferoen analisiak ondorioztatu du egoerak hobera egin duela 90eko hamarkadaren amaieratik. Hondar uren eta ur industrialen arazketa teknologikoak zerikusia du horretan.

Aurrera begira, aurreikuspenek diote datozen urteetan uraren tenperatura igo egingo dela.

Baliabide hidrikoak eta ur gezaren erabilera ere izan dituzte aztergai. Txostenak jaso duenez, Gipuzkoan % 2,5 gutxituko dira baliabide hidrikoak epe laburrean (2011-2040) eta % 30 epe luzean (2071-2100). Oro har, arriskua baxua da, baina lehorte luzeak egongo balira, desoreka gerta liteke erabilgarritasunaren eta eskaeraren artean.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Gipuzkoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak Larrialdi klimatikoa 2024