Gizartea -

HIZKUNTZA OFIZIALAK

Txosten ekonomikoen eta juridikoen zain geratu da euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasuna EBn

Atzoko bileraren ostean, Albares Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak iragarri zuen katalanaren ofizialtasuna lehenetsiko dutela euskararen eta galegoaren aurretik. Erabakiak euskal alderdien haserrea eragin zuen.

Didier Reynders, EBko Justizia komisarioa, eta J. M. Albares, Atzerri Gaietarako ministroa. EFE
Didier Reynders, EBko Justizia komisarioa, eta J. M. Albares, Atzerri Gaietarako ministroa.
Didier Reynders, EBko Justizia komisarioa, eta J. M. Albares, Atzerri Gaietarako ministroa. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko estatuek euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasunari buruzko erabakia atzeratzea adostu eta gero, orain Espainiako Gobernuari dagokio prozedurarekin aurrera egitea, bere esku baitago EBko txandakako presidentetza. Atzo, Gai Orokorren Kontseiluan gaia eztabaidatu zuten estatu kideek txosten ekonomikoak eta juridikoak eskatu zituzten, eta horiek bideratu beharko ditu Espainiak.

Euskara, katalana eta galegoa EBn ofizial izateak izango lituzkeen ondorioak ondo aztertu nahi dituzte atzerri gaietarako ministro europarrek, ezer erabaki aurretik. Horregatik, hiru hizkuntzon ofizialtasunak izango lukeen inpaktu ekonomikoa, juridikoa eta praktikoa sakon ezagutu arte ezer ez bozkatzea erabaki zuten.

Bozketa atzeratzeak ez zuen inor ezustean harrapatu, bai ordea bileraren ondorengo agerraldian Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietarako ministroak egindako iragarpenak. EBn katalanaren ofizialtasuna lehenetsiko dutela euskararen eta galegoaren aurretik jakinarazi zuen, "prozesua arintze aldera".

Albistea ezagutu orduko, EAJk eta EH Bilduk gogor kritikatu zuten Espainiako Gobernuak katalana lehenesteko hartutako erabakia. Haserre, atzerapausorik ez emateko eskatu zuten, eta hizkuntza koofizial denak maila berean jartzeko. 

Europak Parlamentuko pasilloetan ere gaiak zeresana eman zuen, eta kazetarien galderei erantzunez, bileran parte hartu zuten hainbat ministrok ziurtatu zuten inork ez ziola Albaresi eskatu katalana lehenestea. Guztiek onartu zuten zalantza asko mahaigaineratu zirela batzarrean, baina denak maila teknikokoak, legediarekin eta bideragarritasunarekin lotutakoak, izan zirela adierazi zuten.

Europan  hiru hizkuntzon ofizialtasunerako bidea hasi besterik egin ez den egun berean, Espainiako Diputatuen Kongresuak hizkuntza koofizialak erabiltzeko erreforma tramitatzea onartu zuen. Diputatuak, lehen aldiz, euskaraz, katalanez eta galegoz aritu ziren, mahaitik inork isiltzeko agindurik eman gabe. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua