Gizartea -
Euskara
Kontseiluak "atsekabez" hartu du EBk euskararen ofizialtasunari buruzko erabakia atzeratu izana
Atzerapena, arrazoi teknikoetan baino, "argudio eta oztopo politikoetan" oinarritzen dela uste du Euskalgintzaren Kontseiluak. Espainiako Kongresuan euskara, katalana eta galiziera erabiltzen hasteari "ongietorria" eman dio, baina deitoratu euskal alderdiek ele biz arituko direla iragarri izana.
EITB MEDIA
Euskalgintzaren Kontseilua "atsekabetuta" azaldu da Europar Batasunaren (EB) Kontseiluak euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasunaren inguruko erabakia atzeratu duela eta, eta arrazoi teknikoak baino, atzean "argudio eta oztopo politikoak" daudela salatu du.
Kontseiluak ohar bidez egin du erabakiaren balorazioa, Europako Parlamentuan ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sareko ordezkariekin eta hiru hizkuntzon normalizazioa lantzen duten gizarte erakundeetako buruekin bildu eta biharamunean.
Kontseiluaren ustez, hiru hizkuntzok ofizialtzat hartzea "aukera bikaina" zen "hizkuntzen aitormenean eta normalizazioan urrats bat" emateko, eta "Europako bizilagun guztien hizkuntza-eskubideetan eta, beraz, giza eskubideetan sakontzeko".
Nabarmendu duenez, atzerapenaren zergatia "arrazoi teknikoek" gehiago dute "argudio eta oztopo politikotik egiazko ezintasunetatik baino". "Besteak beste, politikaren funtsetako bat delako baliabide ekonomikoak eta bestelakoak nola bideratu eta nola banatu erabakitzea helburu egokiak lortzeko", arrazoitu du.
Dena dela, espero du, atzerapenaren ostean, EBko Kontseiluak arazorik gabe onartzea ofizialtasuna: "Hizkuntza-aniztasunean eta, orokorrean, dibertsitatean sinesten dutenek nekez esan diezaiokete ezezkorik proposamen horri".
Kongresuko euskal taldeen erabakia, "kezkaz"
Halaber, hiru hizkuntzok Espainiako Behe Ganberan erabiltzeko zilegitasunaz, Kontseiluak adierazi du "ongi etorria" dela, "aspaldikoa beharko zukeen praktika den arren".
Euskararen defentsan aritzen den erakundearentzat "txalotzekoa" da alderdi katalan eta galiziarrek hitzarteak euren hizkuntzan egingo dituztela iragartzea, baina "kezkaz" hartu du euskal alderdiek ele biz egingo dituztela iragartzea. Horren aburuz, hala eginez gero, "murritz" gera daitekeelako euskarak ezinbestekoa duen"prestigiatze eta sustapen lan hori".
Nolanahi ere, Kontseiluak zinez espero du euskal alderdietako ordezkariek hori guztia kontuan hartzea, eta "euskara eta gaztelera erabiltzeko zenbatekoak erabakitzean presente izatea euskararen normalizaziorako zeinen garrantzitsua den eredu ematea, prestigiatzea eta sustapena".