Gizartea -
Araba eta Bizkaia
Hezkuntza Sailak kilometroko 29 zentimoko ordaina emango die eskola garraio zerbitzu gabe izan diren familiei
Astebete pasatxoz autobus zerbitzu barik egoteagatik familiek "kaltea bi aldiz jasan ez dezaten", ezohiko dirulaguntzak onartu ditu gaur Jaurlaritzak. Bildarratzek nabarmendu duenez, familiek dokumentu bat baino ez dute bete beharko, eta dirua "denbora tarte labur batean" jasoko dute.
E. G. | EITB Media
Bizilekutik ikastetxera dagoen kilometro bakoitzeko 0,29 euro ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak astebete pasatxo eskola garraio zerbitzu barik egon diren Arabako eta Bizkaiko familiei. Eusko Jaurlaritzak gaur, gobernu bileran, onartu du konpentsazio bide horri aurre egiteko ezohiko dirulaguntzen deialdia, milioi bat euroko partida bideratuta.
Hain justu, gobernu bileraren osteko agerraldian izan da Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, eta berak eman du onartutakoaren berri. Laguntzak Euskal Herriko Aldizkari Publikoan argitaratu eta biharamunean sartuko dira indarrean, eta eskola garraioaren erabiltzaileek hilabete izango dute eskaria aurkezteko. Dokumentu bat bete eta hura ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztea (presentzialki edo telematikoki) baino ez dute egin beharko. Dirua "denbora tarte labur batean" jasoko dutela iragarri du sailburuak.
Bizkaian eta Araban eskola garraio zerbitzu gabe abiatu zuten ikasturtea, enpresen eta Jaurlaritzaren arteko desadostasunak tarteko. Astebete pasatxoz, familiek euren gain hartu behar izan zuten haur eta gazteen joan-etorrien ardura, baita horien kostua ere. Horren harira, Bildarratzek esan du "lehentasuna seme-alabei zerbitzu egokia eskaintzea izan dela beti, eta, zerbitzurik ezean, familiari seme-alaben joan-etorriek dakartzaten kostuak arintzea. Kaltea bi aldiz jasan ez dezaten".
Hezkuntza sailburuak aitortu du "egun gutxi" izan dira zerbitzu barik, baina "eragozpenak handiak" izan dira. "Kasu honetan, esan dezaket lasaigarria dela gisa honetako agindu ekonomiko batek hain iraupen laburra izatea. Lasaitasuna da aurkezpen egunean agindua iraungita geratzea. Baina kaxoian gorde baino lehen, dagokien familiei laguntzeko aplikatuko dugu", nabarmendu du.
Laguntzen xehetasunak: nortzuek, nola eta non
Dirulaguntza honakoek eska dezakete: eskola garraioaren erabiltzaile diren Haur Hezkuntzako (HH) 3. mailakoek, HH 4 eta 5ekoek, Lehen Hezkuntzakoek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek eta Oinarrizko Lanbide Heziketakoek.
Jardunaldi zatitua duten ikastetxeetan, joan-etorriko bi ibilbide kontuan hartuko dira, eta jardunaldi trinkoa dutenen kasuan, ibilbide bakarra. Distantziak neurtzeko, "GeoEuskadi" kartografian oinarritutako tresna erabiliko da, eta beste zenbait faktore ere aintzat hartu dituzte, hala nola, ikastetxearen ordutegia edo ikasleak eskolako jantokia erabiltzen duen ala ez. Zenbateko hori kalkulatzeko, kontuan hartu dute administrazioak bere langileei laneko bidaiak egiten dituztenean ordaintzen dien zenbatekoa.
Agindua irailaren 26n argitaratuko denez, urriaren 27ra arteko epea dute familiek eskabidea egiteko.
Fiskaltzara jotzea, "azterketze"
Kazetarien galderei erantzunda, Jokin Bildarratzek ez du argitu auzi honetan Fiskaltzara joko ote duten. Hilabete hasieran sailburuak berak aurreratu zuen enpresen jardunean "delitu zantzuak" aurkitu zituztela eta Fiskaltzara jotzeko asmoa iragarri. "Zerbitzuk juridikoak ari dira kontua aztertzen. Egia da egoera aldatu dela eta enpresak era egokian ari direla zerbitzua ematen. Aztertzeke daukagu", azaldu du.
Dena dela, espero du "konfiantza giro bat" eraikitzea enpresen eta Jaurlaritzaren artean, eta euren eskaera, "batez ere teknikoak", aztertzeko aukera izatea.