Gizartea -
Aplikazio berria
Garraio publikoaren erabilera errazten duten ibilbideak dakartza MovEuskadi aplikazioak, denbora errealean
Erabiltzaileek nahi adina ibilbide dituzte aukeran: azkarrenak, merkeenak, oinez egiteko modukoak edota aukeratutako garraio mota lehenesten dutenak.
EITB MEDIA
Garraio publikoaren erabilera erraztea ardatz duen MovEuskadi aplikazio berria estreinatu du Euskal Autonomia Erkidegoak, sakelako telefonoetan zein webgunean erabilgarri dagoena. Erabiltzailearen beharretara ondoen egokitzen diren ibilbideak bilatzen ditu, denbora errealean.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak aurkeztu du app berria gaur, astelehenarekin. "Aplikazio honekin asmo dugu EAEn garraio publikoaren erabilera erraztea, informazioa denbora errealean emanda. Honekin bidaiarien joan-etorriak erosoagoak eta erakargarriagoak izango dira, eta jasangarritasuna eta mugikortasuna bultzatuko dugu", adierazi du.
Erabiltzaileek nahi adina ibilbide dituzte aukeran: azkarrenak, merkeenak, oinez egiteko modukoak edota aukeratutako garraio mota lehenesten dutenak. Behin aukeraketa eginda, pantailan gida bat erakusten die aplikazioak. Besteak beste, zein geltokitan gelditu behar diren jakinarazteko. Bestalde, herriko eta herritik kanpoko garraioarekin lotuta, abisuak eta berriak bidaltzen dizkie app honek erabiltzaileei; dena, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.
Erregistratu gabe dauden erabiltzaileek ere izango dute aplikazioa erabiltzeko aukera, baina ezingo dute mapa eta ibilbideen planifikatzailea kontsultatu, ezta alertak jaso edo ibilbideak gorde ere.