Gizartea -

ARKEOLOGIA

Burdin Aroko herrixka batean inoiz ikusi gabeko harrizko eskailerak aurkitu dituzte Irulegiko aztarnategian

Irulegiko aztarnategiko herrixkaren kale nagusia induskatu du arkeologo talde batek uda honetan. Helburua Burdin Aroko herrixkaren hirigintza hobeto ezagutzea izan da.

Irulegiko aztarnategia, gaur. Argazkia: EFE
Irulegiko aztarnategia, gaur.
Irulegiko aztarnategia, gaur. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aranzadi Zientzia Elkarteak urrats handiak eman ditu Irulegiko aztarnategian, baskoiek zuten bizimodua ezagutzeko. Irulegiko Eskua aurkitzea mugarria izan zen, baina garrantzi arkeologiko handia duten beste aurkikuntza batzuk ere utzi dituzte udan eremu horretan egindako indusketek: tipologia oso berezia duen eraikin bat azaleratu dute aztarnategiaren ekialdean, eta horren barruan harrizko eskailerak, Mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixka batean agertu diren ezaugarri horietako lehenak. Horrez gain, milaka zeramika zati, arma ugari, animalia hezurrak eta etxeko tresnak ere aurkitu dituzte.

Ekainaren 19tik, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo talde bat, 100 bat boluntarioren laguntzarekin, indusketa-lanetan ibili da Irulegin. Mattin Aiestaran indusketa honetako zuzendariak esan duenez, aurtengo kanpainaren helburua Burdin Aroko herrixkaren hirigintza hobeto ezagutzea izan da. Herrixka artikulatzen duen kale nagusiaren ekialdeko eremua aztertu dute, eta indusketek erakutsi dute eremu hori ere erasotua eta abandonatua izan zela.

Orain arte, ez zen Mendebaldeko Pirinioetako inongo herrixkatan halako egiturarik aurkitu, eta zientzialarien arabera, "harrigarria da zazpi mailako eskailera honek gaur egun arte izan duen kontserbazioa".

Aranzadiko arkeologoek gidatuta, 2.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute uda honetan Irulegiko aztarnategia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Historia Aranzadi Zientzia Elkartea