Gizartea -
Rubiales auzia
Luis Rubialesek uko egin dio Espainiako Futbol Federazioko presidente karguari
"Gaur, 21:30ean, Espainiako Futbol Federazioko presidente karguari uko egingo diodala jakinarazi diot Pedro Rocha jarduneko presidente jaunari", adierazi du X sareko kontuan (lehengo Twitter).
Agentziak | EITB Media
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak, FIFAk 90 egunez kargutik kendu duenak, kargua utziko duela iragarri du igande honetan.
"Gaur, 21:30ean, Espainiako Futbol Federazioko presidente karguari uko egingo diodala jakinarazi diot Pedro Rocha jarduneko presidente jaunari. Halaber, jakinarazi diot gauza bera egin dudala UEFAn dudan karguarekin, Presidenteordetzan dudan postua ordezkatu ahal izateko", adierazi du X sareko kontuan (lehengo Twitter).
Federazioko presidente ohiak adierazi duenez, FIFAk 90 egunez behin-behinean kargutik kendu eta haren aurka prozedurak ireki dituela ikusita, "argi dago" ezin izango dela bere kargura itzuli, eta, beraz, "tematzeak" eta karguari eusteak ez dio "ezer positiborik" ekarriko, ez Espainiako Futbol Federazioari berari, ez Espainiako futbolari.
"Egiarekiko fedea dut, eta nire esku dagoen guztia egingo dut nagusi izan dadin", azpimarratu du Rubialesek. "Nire alabek, familiak eta maite ditudan pertsona askok neurrigabeko jazarpenaren ondorioak jasan dituzte, baita faltsukeria asko ere, baina egia da kalean, gero eta gehiago, egia nagusitzen ari dela", erantsi du.
Amaitzeko, langile, batzarkide, federazioko kide eta futbolariei zorte ona opa die, eta eskerrak eman dizkie babesa eman diotenei.
Luis Rubialesek karguan bost urte eman ostean utzi du Espainiako Futbol Federazioa, emakumezkoen Munduko Txapelketako finalean gertatutakoaren ostean eta abuztuaren 25eko Ezohiko Batzar Nagusian ziurtatu ondoren ez zuela dimisioa emango.