Gizartea -
Hezkuntza
Goizeko lehen orduan argituko da 7.000 ikaslek eskola-garraiorik izango duten ala ez
Ikasturtea hastearekin batera, eskola-garraioak eztabaida piztu du azken egunetan. Hezkuntza Sailak atzera bota ditu autobus-enpresek eskatutako kautelazko neurriak, eta zerbitzua emateko derrigortasuna gogorarazi die.
EITB Media
Gaur eskola-eguna da, eta, oraindik, EAEko 7.000 ikaslek ez dakite goizean garraio zerbitzurik izango ote duten ala ez ikastetxera joateko. EITB Mediarekin hitz egin duten garraio-enpresei entzunda, behintzat, pentsatzekoa da gaurkoan ere ez dela zerbitzurik egongo.
Egoera ikusita, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak kaltetutako familientzat laguntzak egongo direla aurreratu du egunotan. Igandean Radio Bilbaon emandako elkarrizketa batean, beste behin eskatu zien garraiolariei berriro pentsatzeko eta gaur zerbitzua emateko. Izan ere, Hezkuntza Sailak atzera bota ditu autobus-enpresek eskatutako kautelazko neurriak, eta zerbitzua emateko derrigortasuna gogorarazi die. Oraingoz, ikusteko dago gaur zerbitzurik eskainiko duten.Bizkaian eta, batez ere, Araban geratu dira ikasturte hasieran eskola-garraiorik gabe, 30 enpresak planto egin baitute.
Iaz, eskolara joateko egunaren bezperan, gauean, akordioa lortu zuten eskola-garraioaren ardura duten enpresek eta Hezkuntza Sailak. Aste honetan argitaratuko omen da familiei diruz laguntzeko Hezkuntza Sailak iragarri duen agindua.
Aiaraldeko Etxaurren ikastetxearen kasua
Aiaraldeko Etxaurren ikastetxeko gurasoek ez dituzte seme-alabak eskolara eramango, protesta gisa, "ikasturtea hasi aurretik" konpondu beharreko gatazka dela iritzita.
Asteartean arazoak jarraituko balu, eskolara joan bai, baina errepidea mozteko erabakia hartu dute guraso-elkartetik. Errudunik ez dutela bilatzen baina "nahikoa" dela esan dute.