Gizartea -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Bildarratzek familientzako dirulaguntzak iragarri ditu eskola-garraioa eteteak sortutako gastuengatik

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak emandako datuen arabera, eskola-garraioaren gatazkak 7.400 ikasleri eragin zien ikasturteko lehen egunean.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratian
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratian
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratian

play icon 28:30

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskola-garraioaren gatazkak baldintzatuta abiatu da 2023-2024 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak familientzako dirulaguntzak iragarri ditu zerbitzua eteteak sortutako gastuengatik. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Bildarratzek azaldu duenez, datorren astean agindu bat argitaratuko du Hezkuntza Sailak, eta horren bitartez bideratuko dira konpentsazioak.

Atzo, 2023-2024 ikasturteko lehen egunean, 7.400 ikasle eskola-garraiorik gabe gelditu zirela jakinarazi du sailburuak, eta "jarrera aldatzeko" eta ikasleen garraioa bermatzeko deia egin die berriro konpainiei.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken orduetan atzera bota ditu eskola-garraioko enpresek lizitatu gabeko ibilbideetan jardutera behartzen dituen aginduaren kontra eskatutako kautelazko neurriak, eta, ondorioz, litekeena da zerbitzua hurrengo egunetan abiatzea berriz.

Jokin Bildarratzen esanetan, gaur-gaurkoz Hezkuntza Sailak ez du harremanik zerbitzua eman ez duten eskola-garraioko enpresekin. Edonola ere, elkarrizketarako borondatea berretsi du. Gaineratu duenez, kostu erreala estaltzea eta onuraren % 6 jasotzea eskaini die enpresei.

Oposizioak egindako eskariari erantzunez, Bildarratzek baieztatu du Eusko Legebiltzarrean gaiari buruzko azalpenak emango dituela.

Hezkuntza Legeari dagokionez, baikor mintzatu da, eta ez du zalantzarik legealdi honetan onartuko dela. EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren borondatea hori dela gehitu du. Urriaren 3an amaituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege Proiektuari zuzenketak aurkezteko epea.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Irratia euskaraz Hezkuntza sistemako albisteak